Asteasuko emakume kirolarien esperientziak, argitara

Mikel Iraola 2016ko mar. 10a, 12:37

Asteasuko emakume kirolariak izeneko dokumentala eskaini zuten martxoaren 8an udaletxean. Herriko emakume kirolarien testigantzak bildu ditu lan honetan Itsaso Gonzalezek.

Badira urteak, martxoaren 8aren baitan ekimen ezberdinak antolatzeko Asteasuko emakume talde bat batzen hasi zela. Urtero-urtero, herriko emakumeen lanak azaleratu asmoz, egitasmo ugari jarri izan dituzte martxan. Herenegun, esaterako, Asteasuko emakume kirolariak dokumentala proiektatu zuten udaletxeko ikus-entzunezko gelan.

Itsaso Gonzalez herritarra arduratu da grabaketa eta muntaia lanak egiteaz. Ez da lehen aldia izan: «Aurreko urteetan dokumental gehiago grabatu izan ditugu. Emakume nekazarien testigantzak edo herriko dendari eta ekintzaileenak bildu izan ditugu» dio. Pasa den urtean, berriz, Asteasuko artxibo historikoan oinarritutako antzezlan bat taularatu zuten Emakumeen Nazioarteko Egunean bertan.

Aurten herriko kirolarien esperientziak bildu nahi izan dituzte, eta horretarako, adin tarte ezberdinetako dozena bat emakume baino gehiago elkarrizketatu ditu Gonzalezek: pilotariak, korrikalariak, futbolariak, eskiatzaileak edota mendizaleak.

Guztiek izan dute zer kontatua: hastapenak, kirolean jarraitzeko zailtasunak, aurrera begirako mezuak... «Alabak galdetu zidan ea zer nuen kontatzeko, ez nuela esateko moduko ezer» dio umorez dokumentalean parte hartu duen emakumetako batek. Bere esperientzia kontatzera animatu zen. Esperientzia hori bizitze hutsa, badelako kontatzeko zerbait. Izan ere, Itsaso Gonzalezek hasieratik argi izan du «guztiek dutela kontatzeko zerbait, merezi duena, balio duena». Hori izan da lanaren helburua: emakume kirolarien jarduna azaleratzea.

Dokumentala xumea da, baina egilearen iritziz «maitasunez» egindakoa da. Parte hartzaileak ere gustura dira: «Oso aberatsa izan da. Herritarrak gara, eta besteen istorioak entzutea interesgarria da. Gauza asko daude kontatzeko eta entzuteko» dio protagonista beteranoenetako batek.

Asteasuko emakume kirolarien inguruko dokumetal hau, Asteasuko artxiboan gordeko dute, aurreko lan guztiak bezalaxe. «Etorkizunean berriro erakustea da asmoa, horrelako istorioak inoiz ez baitira zaharkituak geratzen» azaldu du Gonzalezek.

Datorren urterako ere egitasmo honekin jarraitzeko asmoa dutela aitortu du asteasuarrak: «Ojo! Otuko zaigu beste zerbait, beste edozein lan azaleratuko dugu».

IRAGANARI ETA ORAINARI BEGIRADATXOA

Dokumental honek bigarren helburu bat ere bazuen: gazteei kirola egin dezaten animatzea, eta beraiek izan ez zituzten aukerak baliatzeko dei egitea. Izan ere, protagonistetako batzuek ez zuten babesik izan kirola egiten hasi ziren orduan: «Beste garai batzuk ziren. 'Hobe' geunden etxean. Baina ez genekien geldirik egoten, eta hor ibiltzen ginen plazan esku pilotan jokatzen edo korri egiten. Esku guztiak zartatuta izaten genituen, eta etxera joandakoan, gurasoen errieta entzun behar...» dio emakumetako batek.

Gainontzekoek esan zezaketenaren beldur ere izaten ziren beste batzuk: «Aspaldian ez zen jende asko ibiltzen kiroletan. Beste era bateko bizimodua eta pentsamoldea zeuden».

Gaur egungo egoera, berriz, «pozgarriagoa» dela diote guztiek: «Ikusi besterik ez dago zenbat emakume dabiltzan kirolean. Gure garaian, 13-14 urtetik aurrera, emakume gehienek utzi egiten zuten, mutilek soilik jarraitzen zuten. Ez genuen aukera handirik, baina gaur egun jarraitzeko aukera asko daude». Neskak eta mutilak batera korri egiten ikustea ere «alaitzekoa» dela dio beste batek. Zerbait hobetu da. Hobetzeke, ordea, asko dago oraindik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!