Asteasun bolatokia jarri zuteneko dokumentazioa topatu dute artxiboan

Tolosaldeko Ataria 2016ko mar. 3a, 12:30

Asteasuko artxiboa kudeatzeaz arduratzen den Ereiten elkarteak eman du aurkikuntzaren berri. Hona hemen informazioa:

1962 urteko martxoan Sabino Jauregi Legarrak jarduera baimen bat eskatu zuen Asteasuko Udalean. Kale Berriko 7. zenbakian eraikitzen ari zen etxearen beheko solairuan taberna edo ardandegi bat irekitzeko asmoa aurkeztu zuen, "...para el despacho al público de bebidas al denominado chiquiteo...". Idatzi hau aurkeztu eta bost egunera bere jarduera eskaera aldatu zuen. Tabernaz gain, eraikuntza berriaren ezkerraldean bolatoki bat ere jartzeko baimena eskatu zuen. Honela zioen bere idatziak: "...como complemento al mismo (tabernari) la instalación de un juego de bolos, bolatoki como se les denomina en esta provincia, que cuanto se echa de menos en un pueblo como este eminentemente rural, donde la afición es muy grande y desapareció hace tiempo el que existía."

Hala da bai, garai hartan ikaragarria zen bolo jokoaren inguruan biltzen zen jendetza eta herri askotan zegoen bolatoki bat. Haietako asko desagertu diren arren, oraindik zutik geratzen diren bakan batzuei esker badakigu bolatoki gehienak oso sinpleak zirela: kalean bertan egiten ziren aterpe batekin estaliak. Asteasun eraiki zenari buruz deskribapenik ezin dugu eman, artxiboan obra proiekturik ez baitago, ezta argazkirik ere.

Garai hartan, udalbatzak zerbitzu mota honen beharra garbia ikusten zuen, baiezkoa bi hilabeteren bueltan jakinarazi baitzioten Sabino Jauregi Legarrari: "... en razón a que en la localidad no existe ninguno y a la gran afición de los vecinos que lo echan de menos y se ven obligados a trasladarse a otros pueblos...".

Jarduera hau irekitzeagatik Sabinok pagatu behar izan zuen tasa 150 pezetako izan zen. Taberna irekitzeagatik ere beste 150 pezetakoa izan zen tasa. Eta bi kasuetan, noski, gobernadore zibilaren baimena lortu behar izan zuen irekiera baimena lortu ahal izateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!