Suak Asteasuko baserri bat suntsitu du

Ataria 2016ko urtarrilaren 17a

Argazkia: @BomberosEuskadi

Atzo arratsaldean piztu zen sua, Amenabar baserrian. Ez zen zauriturik izan, baina teilatua erabat suntsituta geratu da. 

Segurtasun Sailak emandako datuen arabera, 18:40ean eman zuten sutearen berri. Asteasu eta Andazarrateko gainaren artean kokatuta dagoen Amenabar baserriko tximiniak hartu zuen sua, baina segituan hedatu zen etxean zehar: bigarren solairura lehenengo, eta teilatura ondoren. Minutu gutxiren buruan teilatua erori zen. 

Tolosako eta Zarauzko suhiltzaileak bertaratu ziren, eta Ertzaintzak trafikoa moztu zuen GI-2631 errepidean. 21:00ean itzali zuten sua, baina suhiltzaileek lanean jarraitu zuten sugar guztiak itzali arte. 

Teilatuaz gain, bigarren solairuan ere kalte handiak eragin zituen suteak. Sua itzaltzeko erabilitako uraren ondorioz, lehen solairuan ere kalteak izan ziren. 

Bi pertsonaren bizileku

Baserrian 35 eta 41 urteko bi pertsona bizi ziren, baina onik atera ziren. Pili Legarra Asteasuko alkatea ere bertaratu zen sutearen lekura, eta kaltetuei ostatu emateko gestioak egin zituen. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!