Marijuliren postalek etxeetara heltzen jarrai dezaten

Mikel Iraola 2015ko abe. 23a, 20:34

2010ean bidalitako postala. Irudian, Lekeitio

Marijuli Azkueren ohiturari jarraiki, Marijuliren Postala ekimena jarri dute martxan gertukoek, berak bidaltzen zituen postalak berreskuratu asmoz.

"Alaia, irribarretsua, baikorra, edozertarako beti prest izaten zena. Abegikorra eta jendea batzeko gaitasun handikoa. Pentsaera zabalekoa, oso giza pertsona. Detaile askokoa" horrela gogoratzen du Jabier Santamaria lagunak Marijuli Azkue.

Detaile horiekin, irribarre sortzaile ere bazen Marijuli. Urte amaiera gerturatu ahala gertuko senide zein lagunei postal bana bidaltzen zien, esalditxo batekin: "lau hitz nahikoa izaten ziren hura irakurtzean guztioi irribarre txiki bat eragiteko" dio Jabier Santamaria lagunak.

Marijuli bidaiaria zen, eta urte horretan bisitatutako lekuren bateko bere argazki bat postal bihurtzen zuen: AEB, Maroko, Kuba... Euskal Herriko txokoren bat edo beste ere bai, bere urtebetetze egunean. "Bereziak izaten ziren postalak, bera bezala. 50 postaletik gora bidaltzen zituen, munduko txoko askotara. Ni Ortuellakoa naiz, baina Kastellora, Kanarietara edo Txilera ere bidaltzen zituen" dio Santamariak.

Cabo Verden aterako argazkiarekin bidalitako postala

Igandean urtebete bete zen Marijuli zendu zela. "Hutsune handi bat utzi zuen". Haren postalak etxera heltzen jarrai dezaten, Marijuliren Postala ekimena jarri dute martxan gertukoek. Ideia horren bultzatzaileetako bat da Santamaria bera.

Bere postal zaharrak berreskuratu eta lagunen postal gehiago pilatzea da helburua, eta horretarako webgune bat (marijulirenpostala.eus) osatu dute, bilduma gisa. Edonork bidali ditzake postalak bertara. 

Harrera ona

Dagoeneko 20 postaletik gora bildu dituzte, eta gehiago izatea espero dute: "Lagun askoko pertsona zen Marijuli, eta jendeak ekimenaren berri izan duen bezain pronto animatu da". Beste batzuentzat, berriz, webgunea bisitatzea eta postal bilduma ikustea soilik, "poz iturri" dela azpimarratu du.

Proiektuak amaierarik izango ez duela ere esan du Santamariak: "Dudarik ez dugu, behin hasita, ez da geldituko Webgunean esaten dugun bezala, Marijuliren postala etxera heltzen jarraituko da".

Gazumetik Erniora bidean, 2010ean bidalitako postala

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!