Segundo Montes komunitatea hizpide, bihar Asteasun

Tolosaldeko Ataria 2015ko abe. 10a, 14:09

Segundo Montes komunitatea gehiago ezagutzeko hitzaldia egingo da, bihar, 19:00etan udaleko ikus-entzunezko aretoan. Euskal Fondoko Mikel Arrastoa eta Juanma Balerdi izango dira hizlariak.

Datorren urtean Aiztondoko zenbait udalek Segundo Montesekin egiten duten Senidetze Eguna Asteasun egingo da. El Salvadorreko komunitate hau gehiago ezagutzeko hitzaldia izango da bihar Asteasun.

1994 urtean Zizurkilgo eta Asteasuko Udalak senidetu ziren Segundo Montes Komunitatearekin (Meanguera); geroxeago Aduna eta Villabonako Udala. Ordu ezkero Aiztondo bailara eta Meanguera arteko senidetzea Euskal Herrian garapenerako lankidetzari lotutako prozesu bakanetako bat da.

Guztia hau Euskal Fondoa, Euskal Herriko udalek osatzen duten nazioarteko kooperazio bultzatzen duen erakunderen bidez bultzatu da. Euskal Fondoak adiskidetasunezko eta elkartasunezko harremana du Segundo Montesekin, 80ko hamarkadako El Salvadorreko gatazka armatuaren ondorioz Hondurasko errefuxiatu kanpamentuetan sortu zen komunitatearekin. Duela hogeita hiru urte baino gehiagotik bertako biztanleak, 12.000 inguru, Euskal Fondoaren ekimenen onuradun izan dira (oinarrizko azpiegiturak, hezkuntza eta etxebizitza hornidurak). Salvadorrera itzuli eta ezer ez zegoen tokian sortu zuten Segundo Montes Komunitatea.

Ikasketetan laguntzeko, Herri Krosa Asteasun

2008tik itsasoaren bi aldeetan urtero Senidetze Eguna ospatzen da; maiatzeko azken larunbatean Aiztondoko bailaran bertako udalerriak txandakatzen dira antolaketa lanetan. 2016ko Maiatzean Asteasuarrei tokatzen zaie. Aurten bertako gazteei ikasketako bekak ordaintzeko diru bilketan laguntza eskatu dute, 2.000€ inguru behar ditu bertako gazte bakoitzak ikasketak egiteko.

Laguntzeko lehen ekimena, Gabonetan ospatuko duten 1. Herri Kros solidarioa izango da. Haur eta helduek parte hartu ahal izango dute. Izen emateak, euro bateko balioa izango du umeentzat, eta helduek, berriz, bost euro ordaindu beharko dituzte. Ondoren hamaiketakoa eta zozketa egingo dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!