Asteasu, aparkalekuen aferari irtenbide adostua bilatu nahian

Jon Miranda Labaien 2015ko aza. 13a, 09:30

Asteasuko eskolan eta udaletxean, hilaren 17an eta 24an gaiaz aritzeko bilerak egingo dira

Aspalditik datorren arazoa da: tokia bertatik bertara eduki arren, autoak gaizki aparkatuta uzten dira Asteasuko erdigunean. Pili Legarra alkateak hitz egin du gaiaz: «Apustu egingo nuke, une honetan zebrabidean autoren bat dagoela aparkatuta. Ibilgailua egoki uzteko tokia bi minutura eduki arren, badugu joera bat gaizki uzteko; ogia erosi, enkarguak egin edota kafe bat hartzera datorrenak, hor utziko dizu autoa, enbarazu egiten duela».

Gaiari irtenbidea emateko modu errazena isunak jartzea da, baina Asteasuko Udalak ez du horretaz arduratuko den udaltzaingorik. «Legez, gure tamainako herri batek hitzarmena egin dezake Ertzaintzarekin eta haien esku utzi isunak jartzeko eskumena. Horretara iritsi aurretik, ordea, herritarrekin adostuta eman nahi genioke arazoari irtenbidea».

Izan ere, nabaria da herritarren kezka gaiarekiko. Pello Errota ikastetxeko ikasleek ere, iaz Eskola Agenda 21 egitasmoaren barruan mugikortasuna aztertu zuten eta egindako lana erakusteko udal foroan eskakizunak luzatu zizkieten herriko zinegotziei: «Nabarmen utzi ziguten zebrabideetan uzten dituztela autoak eta bertatik oinez edo bizikletan pasatzeko eragozpen handiak dauzkatela». Ez bakarrik umeak, haurren karroarekin ibiltzen diren gurasoak, ezinduak eta oinezkoek ere agertu izan dute euren kexa. «Denok onartzen dugu gaizki egiten dugula, baina, gero ez gara konturatzen zenbat eragozpen sor ditzakegun», dio Legarra alkateak.

Arazoari irtenbidea eman nahian parte hartze prozesua jarri du abian Asteasuko Udalak. Ez dute zuzenean dinamizatu nahi izan, «udal ordezkariak beste edozein herritar bezala garelako eta afera honetan partea ere badugulako». Partaidetza prozesuetan aditua den Prometea enpresarekin harremanetan jarri eta azken asteotan lanean aritu dira Zorione Aierbe eta Iciar Montejo dinamizatzaileak.

Udalak aurretik egina zuen lanketa oinarri bezala hartuta diseinatu dute parte hartze prozesua: «Arazo honi ahalik eta modu erraz eta eraginkorrenean egin nahi genion aurre. Eta ahalik eta modu atseginenean ere bai. Garrantzitsua da horrelako prozesuetan inori errua ez botatzea», dio Aierbek.

Arazo bat dagoela konpartitu nahi dute herritarrekin eta jakin nahi dute bakoitzak nola bizi duen arazoa. Aierberen hitzetan, «ardura kolektiboa jarri nahi dugu mahai gainean, autoa gaizki aparkatuta uzteak zein eragin sortzen dituen ezagutu eta gero denen artean zehaztu nahi genuke zein eskenatokitara iritsi nahi dugun, beti ere jakinda, isunak jartzeko muturreko aukera hori hor dagoela». Legarra alkateak ere, adostasun horretan jarri du arreta: «Herritar guztion artean erabaki nahi dugu soluzioa eta proposamen horri ere epe muga zehatz bat jarri nahi diogu. Proposamenak epe horretan ez duela funtzionatzen ikusten badugu, adostu nahi genuke zein izan beharko lukeen hurrengo urratsa. Ez dezala jendeak inposatutako ezer bezala sentitu». Garrantzitsua da, horregatik, herritar guztiek prozesuan parte hartzea.

Bi bilera bikoitz prestatu dituzte gaiaz hitz egiteko. Aierbek azaldu duenez, «lehen bi bilerak asteartean, hilaren 17an izango dira. Guraso eta zaintzaileekin egingo da bilera, 14:45ean eskolan. Gainerako herritarrekin, berriz, 19:00etan bilduko gara udaletxean. Bigarren bilera txanda, handik zortzi egunetara, hilaren 24an egingo da». Bilera horietako lehenengoan, herrian dagoen ibilgailu kopurua eta aparkatzeko zenbat toki dagoen azalduko da. Datu horiek ematearekin batera, zalantzak argitzen ere saiatuko dira Aiereberen esanetan: «Akaso, jendeak ez du jakingo zenbait lekutan galarazita dagoela aparkatzea», Eskolako umeek ere gaiaren inguruko lanketa egin dute eta gaur, hain justu, kartelak jarriko dituzte herrian, arazoaren berri ematen duten leloak idatzita dauzkatela; «horrek ere lagunduko du kalean eztabaida pizten».

Oinezkoei sorten dizkieten eragozpenez gainera, arrisku uneak ere sortu dituzte gaizki aparkatutako ibilgailuek. Hori guztia ekidin nahian, «ardura hartu eta parte hartzeko deia» luzatu dute udal ordezkariek. Badakite, trafikoari lotutako betiko ohitura aldatzeak denbora eskatzen duela, baina herritar guztien asmo onarekin gauzatu daitekeen proiektua dela uste dute.

Bilerak

AZAROAK 17, ASTEARTEA
14:45. Eskolako guraso eta zaintzaileekin, Pello Errota ikastetxean.
19:00. Gaian interesa duten herritarrek udaletxean bilduko dira.

AZAROAK 24, ASTEARTEA
14:45. Eskolan bilduko dira berriz ere, soluziobide bat topatu nahian.
19:00. Herritarren proposamenak jasoko dira udaletxean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!