Mendi Martxa Kulturala antolatu du Matxintxulo gaztetxeak

Tolosaldeko Ataria 2015ko urr. 22a, 16:51

Igandean, Alkizako Ur-mara eta Asteasun berreskuratu duten Urniategiko errota bisitatuko dituzte. Ibilaldiaren amaieran, hamaiketakoa izango da plazan

Asteasuko plazatik aterako da Mendi Martxa Kulturala goizeko 9:00etan. Lehenengo geldialdia Ur mara museoan egingo du eta bertan Koldobika Jauregik bere obra azalduko du. Larrauldik barrena pasatuz, Asteasu aldera jaitsiko dira erreka bailaratik. Bigarren geldialdia Asteasuko erreka-bailaran berreskuratu berri den errotan egingo da. Manu Eizagirrek errotaren historia azalduko die ibiltariei. Handik Asteasuko plazara jaitsiko dira ibilaldiari amaiera emateko. Hiruzpalau ordukoa izatea aurreikusten dute antolatzaileek.

Iragana berreskuratuz eraiki dezagun bidea izena eramango du ibilaldiak eta herritar guztientzako egongo da zabalik. Julen Sarasola, Matxintxulo Gaztetxeko kideak esan duenez, «kirola eta kultura uztartzeko modu bat da irteera. Uste dugu, inguruan badugu ikusteko modukoa den ondarea».

Gaztetxean aurretik ere egin izan dituzte ekitaldiak: akelarrea egin zuten iaz, dantza emanaldia frontoian eta hiruzpalau bertso saio antolatu dituzte. Udara pasata berriz ere ekin nahi izan diote ekimenak antolatzeari: «Herriari gure ekarpena egin nahi diogu eta horrelako ibilaldi kultural bat antolatzea Asteasu dinamizatzeko modu bat da».

30tik gora gazte biltzen dira Asteasuko Matxintxulo gaztetxean, udalak utzitako lokalean. «Ondo moldatzen gara udalarekin eta elkarlanean aritzen gara». Belaunaldi berriak datoz atzetik eta haiek ere gerturatu nahi dituzte gaztetxera.

Igandean, behin Asteasuko plazara iritsita, hamaiketakoa izango da parte hartzaile guztientzat.

Kantu jira, larunbatean

Urriak 24an, urteko kantujira egingo dute Asteasun. Eguerdiko 12.00etan herriko elkartean bilduko dira eta aurreko urteetan bezala, mokadu bat hartu ondoren abiatuko dira kantari. Bazkaria, berriz, Santamañako elkartean izango dute eta bazkalostean ere kantuan aritzeko aukera izango dute parte hartzaileek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!