Talde sustatzaile batek kudeatuko du Lizardi Etxea

Jon Miranda Labaien 2015ko urr. 7a, 10:40

Hamar lagunez osatutako taldea izango da eta herri biziago bat lortzeko lan egingo du

Urtarriletik hona Asteasun gauzatu den parte hartze prozesuak ondorio bat utzi du: Lizardi Etxeak helburua izan beharrean, herri biziago bat lortzeko tresna izan behar duela.

2014. urtera arte, pisu tutelatu gisa funtzionatu zuen Lizardi etxeak baina bertan bizi ziren egoiliarrak iaz  Betani etxea aldatu ondoren, erabilera jakinik gabe geratu zen eraikina. Foru Aldundiak, zeharkako hainbat alorretan aritzeko teknikari bat jartzeko erabakia hartu zuen Gipuzkoako bi herri txikitan. Asteasu da herri horietako bat eta duela urtebetetik hona, Alicia Suso aritu da lanean, parte hartzea, lurralde garapena, berdintasuna, jatorri aniztasuna, oroimen historikoa eta giza eskubideen alorrean.

Asteasun ekimen nagusia Lizardi etxearen inguruko parte hartze prozesua izan da. «Eraikinari eraman behar zaion erabilera eta herrian dauden beharrak lotu behar genituela iruditzen zitzaigun, gero etxearen kudeaketa iraunkorra izan dadin», aipatu du Susok.

Lehen fase batean, herrian zeuden beharrak aztertzen saiatu ziren. Horretarako metodologia ezberdinak erabili zituzten. Bilera irekiak egin zituzten baina eztabaida taldeak ere sustatu zituzten. Susoren esanetan, «erabakiguneetatik kanpo geratzen direnak erakarri nahi genituen prozesura». Guraso, etorkin, gazte eta erretirodunez osatutako eztabaida taldeak egin zituzten lehen fasean.

Herritarrek azaldutako beharrak presente zituztela eraikinari eman ahal zitzaion erabileraren inguruko porposamenak bildu zituzten bigarren fasean. «Formazioa, kirola eta kulturaren alorrekoak izan ziren gehienak. Proposamen zerrenda luze bat osatu zuten herritarrek».

Azken fasean, etxeak izan beharko lukeen kudeaketaz hitz egin zuten. «Kudeaketa jasangarri bat izan behar zuela iruditzen zitzaigun, alferrikako baita asmo handiak adieraztea gero horiei eusterik ez badago». Bileretan parte hartu zuten herritarrek, herrian dagoeneko lanean ari diren elkarte eta taldeen eredua hobetsi zuten.

Talde sustatzailea prest

Herriko elkarteen ordezkariek, norbanakoek eta udal ordezkari batek osatuko dute Lizardi Etxea kudeatuko duen taldea. 10 lagun inguru izango dira eta hilean behin biltzeko konpromisoa hartu dute. Herrian martxan diren ekimenak koordinatzeaz eta dinamizatzeaz arduratuko dira. «Lizardi Etxean egiteko jarduera berriak proposatu eta sormenerako tarte bat hartu du talde sustatzaileak», adierazi du Susok.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!