Zarauzkoa Izen handiko txapelketa da gazteen mailan, eta aurtengoa 39. edizioa izan da. Guztira 16 bertsolari aritu ziren lehian, eta finalean eskualdeko bi bertsolarik hartu zuten parte: Mujikak berak eta Oihana Iguaran amasarrak. Maider Arregi, Oier Iurramendi, Aitor Salegi eta Gemma Urteagak osatu zuten taldea.
Mujika ofiziotan aritu zen erosoen: "Saioa ongi joan zen, eta horrek indarra eta motibazioa eman zizkidan lanetarako, bai puntu erantzunetarako, baita bakarkakorako ere" azaldu du Bertsoa.eus-eko Sareko plazan (Ikus bideoa).
Modelo aretoko giroa azpimarratu du Harituz taldeko bertsolariak: "Jendea bero zegoen eta bertso gosez. Agurretik hasita txalo gogoz eta gogor jotzen zuen, eta ofizioetan aurrera joan ahala horrek asko lagundu gintuen".
Gipuzkoako Txapelketa du hurrengo erronka. Txapelketak "gogoz, indartsu eta une onean" harrapatzen duela aitortu du asteasuarrak. "Bertsotan txukun ari naiz, bertso mailaz txukun harrapatzen nau. Baina beste mundu bat da, eta beste prestaketa bat dago. Gogo faltarik behintzat ez dago eta bertso politak uztea espero dut".
Eskualdeko beste bost bertsolari ere izango dira Gipuzkoako Txapelketa horretan: Mikel Artola, Oihana Iguaran, Beñat Iguaran, Unai Mendizabal eta Iñigo Gorostarzu.