Karea egiteko labe garaia

Jon Miranda Labaien 2015ko ira. 4a, 11:47

Asteasuko Julian Lizardi martiriaren Urzuriaga jaiotetxearen ondoan dagoen karobia berreskuratu du udalak. Burdina taldea aritu da ingurunea garbitzen eta ondarea berreraikitzen.

Andazarraterako bidean, Goiballara auzoan zegoen Urzuriaga baserria. 1990eko hamarkadan galdu zen betiko, eta haren tokian eraikitako baserrira joan ziren bizitzera duela hamar urte Fatima Errasti eta Patxi Arzamendi. Liburuzainak dira ofizioz, baina historia eta ondarearekiko interesa dute, eta Asteasura etorri eta berehala jabetu ziren balio handiko ingurunean bizi zirela.

"Toki berezia da. Etxe inguruan gaztainondo zaharrez osatutako basotxo bat dugu. Europa mailako Live programan sartua dago, eta babestu beharrekoa da", dio Errastik. "Ingurunea txukun mantentze aldera, zuhaitzen mozketa neurtu bat egin genuen, horretarako kableak erabiliz". Ondarearekiko kezka horrek bultzatuta jabetu ziren garai bateko karobi baten arrastoak zeuzkatela etxe ondoan: "Labearen goiko zuloa agerian zegoen, baina gainerako guztia hondatuta zegoen, lurrak hartuta eta erortzeko puntuan".

Urzuriaga-berri baserriko lagunak saiatu ziren karobia beren kabuz berreskuratzen, baina bakarrik ezinezkoa zitzaiela konturatu ziren. Orduan egin zuten topo Burdina taldekoekin. Pili Legarra Asteasuko alkateak esan duenez, familia horrek eskatuta egin zuten harremana Burdinako lagunekin, eta Asteasun egon zitekeen ondarearen inguruko inbentarioa egiteko eskatu zieten. Zerrenda osatu eta iaz hasi zituzten lehen berreskuratze lanak: "Errekaballarako bidean, errepidearen ondo-ondoan sasiak erabat hartua zuen Urniategiko errota garbitu eta egokitu genuen. Asteasuar askok ez zekien han errota bat egon zenik".

Ondare historikoa berreskuratzeko bigarren lana Urzuriagako karobia berreskuratzea izan da. Alde batetik, etxeko egungo jabeek hala eskatu zutelako, baina, beste alde batetik, toki horrek baduelako asteasuarrentzat esanahi berezia. Legarrak kontatu du: "Urzuriaga baserrian, 1695. urtean, Julian Lizardi jesuita eta martiria jaio zen. Esaten dutenez, oraindik bizi den etxe atariko gaztainondoan errezatzen omen zuen fraideak. Horregatik, otoitz lekua izan da duela gutxi arte".

"Urtean behin, hiruzpalau emakume etortzen ziren nartzisoak aldatu eta errezatzera, baina haiek ere utzia dute ohitura", dio Errastik. Hori bai, iaz, 1935etik baserri zaharrean zegoen oroitarria berreskuratu eta gaztainondo zaharren ondoan jarri zuten. "Orain, karobia berreskuratuta ingurunea txukun geratu da".

Harriz harri berreraikia

Asteasuko Udalarekin hitzarmena sinatu ondoren hasi ziren lanean Burdina taldeko kideak. Xabier Arruti eta Jaione Iriondo bertan aritzen dira: "85 bat boluntarioz osatutako taldea da gurea, eta musu truk aritzen gara ondarea berreskuratzen. Udalak emandako laguntza azpiegitura ordaintzeko baliatzen dugu". 1.500 euro pasatxo erabili dituzte Urzuriagako karobia berreskuratzeko, eta erdia Gipuzkoako Foru Aldundiak ordaindu du.

Duela hamahiru urte, Andoaingo ondarea aztertzeko kontratatu zuten Jaione Iriondo. Azterketak iraun zuen sei hilabeteetan hainbat lagunekin egin zuen topo, eta abiatutako lanarekin jarraitzeko osatu zuten Burdina taldea: "Leitzaranen egin dugu lan gehien, burdin tokia delako eta asko direlako bertan dauden meategiak. Hain zuzen, horregatik hartu genuen Burdina izena. Gaur egun zabaldua dugu gure esparrua, eta Berastegi, Elduain, Zizurkil, Aduna eta Asteasun ere aritzen gara".

XVII. mendean hasi ziren karobiak eraikitzen inguruan. "Euskal Herrira artoa ekarri zutenean landarea ez zen bertara egokitzen. Lurrari karea botaz hasi zen artoa etortzen", nabarmendu du Burdina taldeko Arrutik. Ongarri moduan, baratzeak desinfektatzeko eta etxeko hormak zuritzeko erabili ohi zen karobietatik ateratako karea. "Baina, batez ere, eraikuntzarako erabiltzen zen hemendik ateratakoa. Geroagoko porlanaren funtzioa betetzen zuen kareak".

Urzuriagakoak duen tamaina ikusita, pentsatzekoa da inguruko baserri eta herrientzako lan egingo zuela karobiak. Arrutiren arabera, "industria txiki baten gisakoa zen. Eguneko 24 ordutan egoten zen piztuta, eta gutxienez hogei lagunek egingo zuten lana bertan: egurra mozten batzuk, harrobian beste batzuk, labean aritzen zirenak eta karea banatzeaz arduratzen zirenak. Garai hartako faktoria bat zen karobia".

Josetxo Crespo Altsasuko harginaren laguntzaz harriz harri berreraiki dute Asteasukoa. "Berreraiki duguna XIX. mende bukaerakoa izango da, eta frantses erakoa. 1940-50eko hamarkadan piztu ziren klase honetako azkenekoak".

Larraulen, erronka azaroan

Frantses erako edo egun bateko izenez ezagunak diren karobiak baino aspaldikoagoak dira karobi zuloak. Larraulgo Dina 7 taldeak horietako bat pizteko asmoa du azaro erdi aldera kultur astearen aitzakian.

Koldo Jauregi taldean ibiltzen da. "Zenbait ikerketak diote karea egiteko modu hau duela 500 urtekoa dela. Diametro zabalagoa dute karobi hauek, eta horren gainean kupula bat eraiki beharra dago. Guk hamar bat egunez piztuta edukitzeko asmoa dugu". Gutxi dira era honetako karobiak martxan ezagutu eta oraindik bizi direnak. Jauregiren aita zenak piztu zuen azkenekoa, Larraulen, duela 67 urte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!