Asteasuko San Pedro jaien eta udako ikastaroen balorazio ona

Tolosaldeko Ataria 2015ko abu. 11a, 11:16

Asteasuko udalak, udako ikastaroen eta San Pedro jaien balorazioa egin du eta oso gustura agertu dira jendearen erantzunarekin.

Udarako ikastaroei dagokienez, 4 eta 12 urte bitarteko 90 umek parte hartu dutela aipatu behar da. Udalerriko haur ugarik pare hartu dute ikastaroetan eta udaletik oso gustura agertu dira. 12 begirale aritu dira gidaritza lanetan eta aipatu behar aurten lehenengo aldiz, 3 urteko umeak ere egon direla ikastaroetan. Gurasoek asko eskertu dute aldaketa hau eta ikastaroko begiraleak ere oso gustura aritu dira. Aurtengo txangoen artean, Santa Klara uhartera egin zutena, begirale zein haur piratez jantzita egindakoa. Udaletik adierazi dutenez,"haurrek ezin hobeto pasatzen dute, eta gurasoentzat ere bada irtenbidea. Horregatik udako ikastaroak izaten dira, urtero-urtero, udako eskaintzarik arrakastatsuenak".

San Pedro jaiei dagokienez, udalak, "oso herrikoitzat" jo ditu aurtengo festak. Egunez, gauez baina giro handiagoa egon dela ere adierazi dute udaletik. Esan behar, aurtengo San Pedro jaiekin batera, inguruko herri askotako festak ere izan zirela; esaterako, Tolosan, Hernanin edo Lasarten. Dena den, egindako balorazio oso positiboa izan da.

Hobetzeko puntuak

Hobetzeko puntu batzuk ere atera ditu udalak datorren urteko San Pedro jaiei begira. Buruhandiei dagokienez, iraila edo urri aldera bilera bat egitea aurreikusi dute. Orain arte, bakoitza bere modura ibiltzen baita eta hori hobetzeko asmotan.

Oinkari dantza taldearen emanaldia, bestalde, jaiak hasi aurreko asteburuan egitea egokiagoa litzatekeela pentsatu zuten, jaietako igandean bazkariak izaten direlako maiz, eta dantzariek goiz izaten dutelako hitzordua. Bestalde, jai guztietan gauzak oso pilatuta izan direla adierazi zuten, gauza bat bukatu orduko, bestea segidan hasten zela, alegia.

Herri afariaren prezioa garestitzat jo zuten eta agian, langabe eta ikasleentzat merkeagoa jarri beharko litzatekeela iradoki zuten. Nork bere jana etxetik eramateko aukera ematea ere proposatu zuten. Eta karpari dagokionez, aipatu zuten, eguraldi ona izanez gero, komenigarria litzatekeela karpa erabat irekita uztea, jendeak bertako giroa ikus dezan.

Musika taldeen balorazioa ona izan zen, eta Elektrotxarangarena zein bertso saioarena oso ona. Zezenak eta poniak denbora gutxian izan zirela adierazi dute, eta hurrengorako, gehiagoan uzteko proposamena egin dute. Apar festa, bestalde, oso arrakastatsua izan zen, baina inguruan hesiak jartzea ondo legokeela adierazi dute.

Guraso Elkartea aurrenekoz aritu da jaien antolakuntzan. Dena den, talde eragile guztien laguntzarekin, jai ederrak izan dira, eta beti hobetzen joateko bidean, datorrenean are ederragoak antolatzen ahaleginduko dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!