Bost atxilotu lapurreta egiten saiatzeagatik, Asteasun

Ataria 2015eko ekainaren 4a

Ertzaintzak 17 eta 21 urte arteko bost gazte atxilotu ditu bart gauean Asteasun ustez herriko jatetxe batean lapurreta egiten saiatzeagatik.

Asteasuko Kale Nagusian kokatuta dagoen taberna batean lapurreta egiten saiatzeagatik atxilotu dituzte bost gizonezkoak. Indarrez sartzen saiatu ziren tabernara baina herritar bat inguruan sumatu eta lekutik alde egin zuten gazteek lapurretarik egin gabe.

Goizaldeko ordu biak aldera jaso zuten Hernaniko Ertzain-etxean herritar baten deia. Ertzaintzaren patruila bat aipatutako tabernara gerturatu zen jabearekin hitz egitera eta beste patruila batek Asteasu eta Villabona arteko GI-2631 errepidean ibilgailu susmagarri batekin egin zuen topo.

Autoan zihoazen bost lagunetatik hiru 17 urtekoak ziren, beste bat 18koa eta azkenak 21 urte ditu.Auto barruan lapurreta egiteko balio dezaketen hainbat tresna topatu zituzten auto barruan. Ertzainek gazteak identifikatu zituzten eta, beharrezko egiaztapenak eginik, bostak atxilotu zituzten, ustezko lapurreta-delitu baten egileak izateagatik. Jarraian, ertzain-etxera eraman zituzten, beharrezko izapideak egiteko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!