«Lasterketa hasieran hartzen aurkako txilibitua eman ziguten»

Asier Imaz 2015ko mai. 28a, 12:44

Transilvanian 100 kilometroko lasterketa irabazi du Txomin Isuntza, Ultra Trail korrikalari asteasuarrak.

Lasterketa irabazteaz gain marka jarri du Txomin Isuntzak (Ondarroa, 1971). Aurrekoa, 18 ordu eta 30 minutuan zegoen, eta Asteasun 11 urte daramatzan korrikalariak, ordubetean hobetu du denbora hori. Hori bai, txantxa bat baina gehiago entzun behar izan ditu.

Drakularen etxean izan zara. Nola esplikatu hori?
Ba bai, Errumanian zen lasterketa, Transilvanian. Irteera eta helmuga Drakularen gazteluan ziren. Oso paraje berezia.

Nolatan hara joateko ideia?
Duela urte pare bat hasi nintzen hara joateko gauzak ikusten. Urrian beste lasterketa bat izaten da bertan, baina antolakuntzak bidaia, hotela eta dena sartzen dizu izena ematean, beraz, ekonomikoki ia ezinezkoa geratzen da. Aurten Valentziako lagun baten esan zidan, leku berean beste lasterketa bat antolatzekotan zirela. Bidaia eta dena irekia zenez, hara joatea erabaki genuen. Aurtengoa bigarren edizioa zen.

Teknikoki ibilbidea nolakoa zen?
100 kilometroko itzulia zen, eta dena baso artean, edo mendi tontorretan. Mendirik altuenak 2.500 metro zituen. Elur jauzi arriskuengatik, ibilbidea zati batzuetan aldatu beharrean izan ziren.

Paisaia zoragarria, beraz.
Bai, ikusgarria. Leitzaran bailara bezalakoa da, baina erraldoia. Basoetan zuhaitzak izugarriak dira, eta apenas sartzen da eguzkirik. Sasirik gabeak, garbi-garbiak,... baina labainkorra, beti umela baitago. Goialdean elurra topatu dugu, ugari.

Zenbat korrikalari zineten?
Bi lasterketa zeuden. 100 kilometrokoan 75 ginen, eta 50ekoan, 125. Denak batera irten ginen, eta dortsal guztiak berdinak zirenez, ez genekien norekin ari ginen lehiatzen; motzekoekin edo luzekoekin.

Nolako lasterketa egin zenuen?
Aurrean atera nintzen. 50 kilometroko bik aurrea hartu zuten, eta niri, 15. kilometroan alemaniar batek harrapatu ninduen. Gero galdu egin ginen. 35. kilometroan mendirik garaiena genuen, eta igoera hasi aurretik amerikar bat eta frantziar bat elkartu zitzaizkigun. Laurok hasi ginen igoera egiten, baina frantziarra eta biok aurrera egin genuen. Hori bai, tontorrean galdu egin ginen. Ez dakit zenbat buelta eman genituen beherako bidea aurkitu nahian, baina ezin. Lainoa sartu zitzaigun eta elurra zegoenez hotz ikaragarria egiten zuen. Morala pikutara joan zitzaigun eta jaitsi besterik ez genuen egin nahi. Horrela alemaniarra eta amerikarra topatu genituen, eta haiek ere galduta zebiltzan. Marka topatu genuen hala nola eta 43. kilometrora elkarrekin iritsi ginen. Han Ondarroako lagun batzuk nituen, eta aurretik zenbat pasa ziren galdetu nien. Beraiek ezetz, inor ez zela pasa. Orduan jakin genuen lehenak ginela.

Lasterketa baino abentura dirudi.
Eta horrela izan zen. Laurok aurrera jarraitu genuen baina berriro galdu egin ginen. Amerikarrarekin bakarrik geratu nintzen, baina berak pott egin zuen, eta 60. kilometroan alemaniarra elkartu zitzaidan. Ondoren, justu zihoala eta jaten geratuko zela esan zidan. Nik aurrera segi nuen, eta azken 40 kilometroak bakarrik egin nituen.

Ba al dakizu inor desagerturik han gelditu den?
(Barreak). Ez, baina amerikarra ez nuen gehiago ikusi, ezta sailkapenean ere. Oraindik agian han ibiliko da bueltaka.

Edo Drakularen gazteluan.
Edo hartzaren batekin... Bestea hori zen, antolakuntzatik hasieran txilibitu bat eman ziguten, hartzak zeudela eta bateren bat agertuz gero, txilibitua jo behar genuela esanaz. Nik ez dakit txilibituaren aurrean hartzak zer egingo zuen, baina... Beti eramaten dugu txilibitua, erreskaterako eta, baina oraingoan hartzengatik zen.

Zein izango da hurrengo proba?
Katalunian bi aste barru. 160 kilometroko ibilbidea, 12.000ko malda positiboarekin. Egia esan Transilvaniako lasterketa bikain etorri zait, entrenamendu gisara. Esperientzia bezala ere zoragarria izan da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!