Hauteskundeak 2015. Emaitzak

Asteasu Batuz, nagusi Asteasun

Ataria 2015eko maiatzaren 24a

Pili Legarrak jarraituko du alkatetzan, Asteasu Batuzek 468 boto lortu eta gero. EAKj, 184 boto lortu ditu, eta PSE-EEk 19.

Asteasu Batuz taldeak irabazi ditu udal hauteskundeak Asteasun. 468 boto lortu ditu. Bederatzi zinegotzietatik zazpi eskuratu ditu eta bi eserleku izango ditu EAJk. Pili Legarrak segituko du alkate gisa eta Luke Uribe Etxeberria egungo zinegotzi jeltzalearekin batera arituko da Izaskun Etxeberria.

Duela lau urte Bai Asteasuari izeneko plataformak aurkeztu zuen hautagaitza eta orduan 211 boto eskuratu zituen. Bi zinegotzi izan ditu plataforma horrek azkeneko legealdian.

Honenbestez, zazpi zinegotzi izango ditu Asteasu Batuz plataformak eta bi zinegotzi EAJk.
Asteasu Batuz taldea, pozik

2011n udal hauteskundeetatik abstentzioak hamar puntutan egin du gora Asteasun eta horrek EAJri eragin dio gehien. Hala ere, jeltzaleek hobetu egin dituzte emaitzak, 184 boto eskuratu dituzte. Luke Uribe Etxeberria EAJko zinegotziaren iritzian, «hirugarren eserlekua lortzetik 15 bototara geratu gara, beraz pozik gaude emaitzarekin».

Duela lau urte Bai Asteasuri zerrendak lortutako boto gehienak EAJra joan direla uste dute Pili Legarra alkateak eta Luke Uribe Etxeberria zinegotziak.

«Abstentzioaren datu hori ikusita, emaitzetan eutsi egin dugu», aipatu du Pili Legarrak. Oso pozik dago Asteasu Batuz taldeko zerrendaburua lortutako emaitzekin. «Aurreko legealdian baino zinegotzi bat gehiago dugu eta udalean gehiengoa izango dugu datozen lau urteetan».

Asteasuko EAJk, Asteasu Batuz taldea zoriondu du lortutako emaitzengatik eta bide batez, «gugan konfiantza jarri duten asteasuarrei eskerrak eman nahi dizkiegu». Aurrera begira dituzten asmoen inguruan galdetuta, «azkeneko legealdian bezala alderdi jeltzaletik prestutasun osoa dugu elkarlanean aritzeko eta modu eraikitzailean oposizioa egiteko».

Asteasu Batuz taldean herritar berriak ariko dira zinegotzi bezala datozen lau urteetan eta «herritarren parte hartzea sustatzeko asmoarekin jarraituko dugu legealdi berrian».

Pili Legarra, orain arte Asteasuko alkate izandakoak jarraituko du langintza horretan 2019ra bitartean. «Lanean jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu, beraz».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!