Mari Juli Azkue omenduko du bihar 111 Akademiak

Tolosaldeko Ataria 2015ko mai. 21a, 10:09

Andoaingo Bastero kulturunean 20:00etan eskainiko dute, bihar, Zuria, gure erara ikuskizuna. 111 Akademiak antolatu du eta joan den abenduan zendu zen Mari Juli Azkueri eskainiko diote.

Ia 25 urtez Manuel Larramendi Kultur Bazkunaren kide eta lehendakariorde izan zen eta 111 Akademia sortzen lagundu zuen asteasuarrak.

Euskal literaturzaleen akademiak nabarmendu duenez, «Mari Juli munduari begira bizi zen, ikuspegi zabalarekin. Askatasuna maite zuen eta aurrerabideari irekia egoteaz gainera, jasotako ondasunari garrantzia ematen zion, ohiturak galtzen utzi gabe».

Juan Ignazio Iztuetari buruzkoa

Urnietako Egape dantza taldeak eta Anabas musika taldeak prestatutako ikuskizuna da Zuria, gure erara izenekoa eta Juan Ignazio Iztueta idazle eta dantzaria du oinarri.

Iztuetak arrasto handia utzi zuen bere garaiko euskaldunen artean, baita ondorengo belaunaldien artean ere. Dantza ikuskizuna Edu Muruamendiarazek zuzendua da.

Asteasuko Mattin liburu-dendan eta Villabonako Amasa kafetegian eskuratu daitezke sarrerak 10 euroren truke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!