"Hasi ginen garai hartan amestu genituen gauzak lortu ditugu pixkanaka"

Imanol Garcia Landa 2015ko mai. 17a, 09:21

Asteasuko Bulano baserrian jaio eta bertan jarraitzen du Mikel Arteagak. 13 urte inguru zituela erabaki zuen baserria izango zela bere bizimodua, hasieran gurasoei lagunduz. Dagoeneko 33 urte daramatza esne behiekin.

Nola erabaki zenuen baserritik biziko zinela?

Erabakia hartu nuenean 13 edo 14 urte izango nituen. Eskolako lehen etapa hori amaitu eta ia denek esaten zuten gehiago ikasteko. Justu garai haietan, 80ko hamarkadaren hasieran, krisialdi gogorra izan zen, eta baserrietan ganaduaren gehiengoa berritu egin behar izan zen, gaixotasunak medio. Gure etxean ia denak kendu ziren. Nire gurasoak gelditu ziren ezer gabe; kendutako ganaduak ez zuen ezer asko balio. Egun bat baino gehiagotan ikusi nuen ganadua eramaten eta etxekoak negarrez. Gurasoek berriro ganadua ekarri eta berriro hasteko apustua egin zuten, eta nik laguntzea erabaki nuen. Ikusi genuen aurrera begira gauzak hobeto aztertu behar zirela, gaixotasunak, kalitatea... eta niri momentu hori tokatu zitzaidan. Lehen ere lanean aritzen nintzen laguntzen eta gustura ibiltzen nintzen, horrela erabaki nuen baserrian gelditzea eta jarraitzea.

Urte hauetan guztietan esne behiekin aritu zarete.

Gurean beti horrela izan da. Ume nintzela hamar buru izango ziren, esnea saltzeko egiten zen gehienbat, eta hortik aurrera egiten zena, baratzea esaterako, etxerako izaten zen. Basogintzan ere zertxobait egin izan dugu eta eranskin bat izan da. Esnea animaliek egiten dutenez, horiek haragia dute, eta hori ere saltzen da label saltokietara, baina 10etik 8-9 da esnetik ateratzen dena gure baserrian.

Nola merkaturatzen duzue esnea?

Beti kooperatiba barruan izan gara. Ni nahiko gazte nintzela nire gurasoak kooperatiban sartu ziren, kasu honetan Kaikun, eta hor jarraitzen dugu Gipuzkoan ia denak bezala. Guk esnea egiten dugu gure kooperatibarentzat, eta gero kooperatiba arduratzen da esne hori bihurtzeaz eta saltzeaz.

Zertan aldatu da baserrian lan egiteko modua?

Ume ginela ezagutu genuenetik asko aldatu da. Orduan lan asko eskuz egin behar izaten zen. Garai hartan hamar buru ziren eta horiek gobernatzeko eta lur-sailak eta basoak zaintzeko, dena ia makinarik gabe egiten zen, nahikoak ziren. Gaur egun ia 200 buru ditugu, eta horretarako makinak behar dira eta teknika berriak. 40 hektarea inguru belardi eta larretoki maneiatzen ditugu, eta hiru edo lau pertsona gaude, eta hori dena egiteko makinaria behar da. Animaliekin lan egiteko modua asko aldatu da. Orain guk jartzen diogu behiei komeni zaion hazia txahal on bat jaio dadin. Horretarako ere prestatu egin behar da. Gaixotasun gehienak guk moldatzen ditugu. Lehen lana sinpleagoa eta gogorragoa zen; orain ekoizpena handitu egin da eta horrekin batera teknifikazioa eta makineria sartu da eta hori dena ordaintzeko gauzak oso ondo egin behar dira, zorrotz eta kalitate onenarekin lan egin behar da. Bestela ez da dirurik iristen esandako dena ordaintzeko. Asko aldatu da eta gurasoek askotan esaten dute hori.

Eta nola ikusten duzu zuk baserriko bizimodua? Hain gazte hartu zenuen erabakiarekin gustura?

Ni oso gustura nago egindako aukerarekin. Ikusi dut bizi kalitatea asko hobeto dela. Gero, lehengusuarekin elkartea egin genuen eta horrekin bizi kalitatea hobetu da. Hasi ginen garai hartan amestu genituen gauzak lortu ditugu pixkanaka. Penak ere baditut: bi seme ditut eta ez dute jarraitu nahi. Beraiei oso gogorra egiten zaie hainbeste ordu sartzeak eta egunero aritzeak; beste aukera batzuk nahiago dituzte. Baserria horrelakoa da: lehen ere gogorra zen, beti izan da gogorra eta gero ere baserrian lan egin eta hortik bizi nahi duenak ere bizimodu gogorra izango du. Nire balantzea ona da. Leku zoragarri batean bizi gara, lan baldintzak ez dira hain txarrak, bakarrik lotua dela, baina ni gustura aritzen nahiz ingurune honetan lanean.

Nola erakarri daitezke gazteak baserri mundura?

Badago esaldi bat: «Ezagutzen dutenek ez dute nahi eta ezagutzen ez dutenek nahi dute». Gure atzetik gutxi dira animatzen direnak. Oraindik heldu beharra diogu gai horri, ez dugu erabat asmatzen. Beti saiatu naiz animatzen; azkenean bizimodu bat da, zaila, baina egin daitekeena. Mendian metro asko daude, lur pila bat dago, gehiena zikinduta; hori garbitu daiteke eta azpian lurra dago, berriro landu daitekeena.

Esne kuotak kendu dituzte Europatik. Nola eragingo dizue zuen baserriari?

Ai, jakingo banu! Gaia ez da erraza. Niri ez dit beldurrik ematen, baina noski, horrek esan nahi du hemendik oso urruti hartzen diren erabakiak gero eragina izango dutela hemen. Arrisku bakarra dago: herrialde batzuek ekoizpena izugarri handitu nahi izatea. Hemen inguruan ez dut hori ikusten. Europan ere ez dut ikusten, gure arazo berdina dagoelako, jarraipen eza.

Nire iritziz orain trumoi bat bezala dago, ea zer gertatuko den, ea aukerak zeinek bilatzen dituen... Guk esnea ingururako ekoizten dugu, eta ez gaude kanpora begira. Ez daukat beldurrik, baina eragina izango du, noski.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!