Asteasuko udal gobernuak erdira jaitsi du zorra

Tolosaldeko Ataria 2015ko mai. 5a, 19:04

Asteasu Batuz taldeak kudeatu du udal gobernua 2011tik 2015era. Legealdi hasieran udalak zuen 2,3 milioiko zorra 900 mila eurotara jaitsi dute. "Eskura izan dugun guztia egin dugu egoera hobetzeko", esan du Asteasuko udal gobernuak.

Aurreko legealdian Asteasuko Udalak eskatuta zituen bi maileguei (694 mila eta 500 mila) aurre egin beharrean aurkitu zen udal gobernu berria 2011n. "Garai hartan onartuta zeuden konpromisoei, fakturei, erantzuteko beste 400 mila euroko mailegu bat eskatu behar izan genuen". Gainera, aurreko legealdian sinatutako hitzarmen urbanistiko bati zegokion epea ez betetzeagatik udalak 642 mila euroko isuna jaso zuen. Orotara, beraz, Asteasuk duela 4 urte zuen zorra 2,3 miloi eurokoa zen.

Hitzarmen urbanistikoaren konpromisoaren zati handienari aurre egingo dio udalak ordainketa eginez. Eta Asteasu Lantzenen jabetzakoa zen pabiloi baten salmentari esker lortutako 615 mila euroak eta udaleko aurrekontuen emaitza positiboaren bidez lortutakoak zorra murriztera bideratuko dira. 2015era beraz, bi mailegurekin iritsi da Asteasuko Udala, 918 mila euroko zorrarekin.

Udal gobernutik adierazi dutenez, "krisialdiaren eraginez ez zaigu garai oparoa egokitu kudeaketarako. Gastuen kontrol zehatza eraman dugu eta diru laguntzak lortu ditugu inbertsio berriak egiteko; iaz bakarrik, 24 diru laguntza lerro bideratu genituen".

Epe luzera begirako inbertsioak lehenetsi ditu Asteasuko Udalak azkeneko legealdian. "Ez dira egin begiz aise hautemateko inbertsioak baina bai herriko sektore guztientzat onuragarriak direnak". 2011-2015 epealdian herri bideak konpondu, egokitu eta osatzen, adibidez, ia 300 mila euro erabili ditu udalak.

INBERTSIOAK 2011-2015  
Planeamendu gastuak 98.788 €
Herri bideak 291.026 €
Gizarte Ongizateko proiektuak 19.203 €
Turismoa lantzeko proiektua 17.762 €
Ondare historikoa eta eraikinak 201.913 €
Osasun arloa (ibilbide osasuntsua) 23.073 €
Argiteria publikoa 62.958 €
Hirigunea (Kale Berria) 62.733 €
Ingurumena 143.127 €

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!