Asteasuko artxibo historikoak beste altxor bat eman du

Jon Miranda Labaien 2015ko mai. 5a, 10:30

1534. urteko ordenantza topatu dute artxibo historikoan; gordetzen den zaharrena da

Eskualdeko hainbat udalek herriko artxiboa zaintzeko lana azpi kontratatu egiten dute. Amasa-Villabonako eta Asteasuko udalek, esate baterako, Ereiten kultur zerbitzuak enpresari agintzen diote lan hori.

Urtean zehar udaletan espediente asko sortzen dira eta Ereiten enpresaren lana, txosten horiek guztiak katalogatu, txukundu eta gordetzea izaten da. Xahuketa lana ere egiten dute, espediente batzuk, bost-hamar urtez gorde ondoren bota egin behar baitira.

Espazio falta izaten da artxibozainen arazo handiena herriz herri: «Hemen Asteasun ehun bat kaxa igo ditugu hirugarren solairura eta lekua egin dugu espediente berriak jasotzeko, baina espazio falta beti da arazoa guretzako». Horrela azaldu du Asteasuko artxiboa zaintzen lana egiten duen Amagoia Piak.

Baina artxibo administratiboarekin batera historikoa topa dezakegu Asteasuko udaletxeko bigarren solairuan: «Bereziki ondo zainduta dago. Adibidez Villabonan udaletxea bi aldiz erre zen eta material asko galdu zen. Hemen ia dena eta ongi kontserbatu da. Ez dakigu zergatik, baina beste herrietan Artxibo Orokorrera bidaltzen diren dokumentuak ere bertan jaso dira», dio Piak.

Artxibo historiko zaindua

Ondo zainduta dago Asteasuko artxibo historikoa eta Ereiten enpresatik mantenu lanak egiten dituzte. «Tenperatura zaindu behar da dokumentuak kaltetu ez daitezen eta hondatutakoak konpontzen saiatzen gara».

Udalak herriko artxiboarekin egiten duen lana ezagutarazteko asmoz, Ereitenek bere webgunean zintzilikatzen ditu artxibo historikoan topatzen dituen dokumentu bitxiak. www.ereiten.eus guneko blogen atalean topatu daitezke, esate baterako, Asteasukoak.

Udal karguak eta ondasunak

Amagoia Piak bloga elikatzeko asmoz topatu zuen Asteasun jasota dagoen ordenantza zaharrena. 1534. urteko liburuxka da. «Oso egoera onean dago kontserbatua. Helburu guztiz praktikoa du dokumentuak, udal karguen eta ondasunen kudeaketaz arduratzen da bereziki ordenantza. Ordezkarien izendapena eta betebeharrak azaltzen dira, lur komunalen eta fruituen ustiaketak edota beste herriekiko mugak». Dokumentua, 35 foliotako liburuxka da eta bertan 81 lege lantzen dira.

Garai batean galduta egongo zen dokumentua, Tomas de Egibar apaizaren gutuna ere badakarrelako ordenantzak: «Etxean topatu omen zituen ordenantza horiek eta ezertarako behar ez zituela esanez Udalari itzuli zizkion 1896an».

1534koa ez da Asteasuko artxibo historikotik berreskuratu duten dokumentu bakarra. Aurretik, Alondegian lanean aritu zen emakume bati buruzko txostena, Lizardi etxearen planoak edo XVI. mende bukaeran euskarazko hitzak jasotzen dituen dokumentua, hauek jaso eta aipatutako blogean eskegi izan dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!