«Uste dut beste ordezko batzuk jarri zitezkeela»

A.Imaz 2015ko api. 16a, 12:16

Promozioko Txapelketaren finalerdietan, partida erabakigarrian, Julen Urruzola asteasuarrak eta Mendizabal III.ak norgehiagoka oso zaila izan zuten.

Bere aurkariak ziren Rico eta Larunburen ordez, Arretxe II.a eta Apraiz jarri zituen enpresak. 22-5 galdu zuten Urruzolak eta Mendizabal III.ak, eta finaletik kanpo geratu ziren. Polemika piztu duen erabakia izan da.

Ze gorputzarekin geratu zara, txapelketa nola bukatu den ikusita?
Ez genuen espero horrela bukatzerik, baina Rico eta Larunbe ez zeudela ondo, eta beste batzuk jarri zituzten... Nik uste dut beste ordezko batzuk egon zitezkeela hor, gure Promozioko Txapelketa horretan sartzeko, baina Arretxe eta Apraiz aukeratu zituzten. Ez zen gure eguna izan eta gaizki bukatu genuen.

Zuen partidarik onena ez zen izan.
Gu presio dezentearekin atera ginen. Oso partida zaila jarri ziguten eta presio handiarekin atera ginen. Bagenekien dena eman behar genuela, ez geniela dominatzen utzi behar, ezta momentu batean ere, eta gaizki atera zitzaigun.

Polemika dezente izan da ordezkoen aukeraketarekin. Lehen mailarako ordezko moduan zeuden.
Ordezko bakarrik ez. Lehengo urtean Arretxe jokatzen aritu zen; Apraiz ere urte askoan Primeran ibilitako pilotaria da. Enpresak horiek jarri zituen; nahiz eta bidezkoa ez izan, guk irabaztera joan behar genuen, gurea egitera, eta ez genuen gure mailarik eman.

Finalerdietako partida erabakigarria jokatu ez duen bikote batek jokatuko du finala.
Nahiko injustua da hori. Nik uste dut normalagoa izango zela astebete atzeratzea, ikusita finala bi aste beranduago zela.

Arretxek eta Apraizek zerbait esan zizueten?
Partida normal bat bezala jokatzera joan ziren; azkenean profesionalak gara eta enpresak eskatzen duenean jokatu egin behar da. Haiek ez dute barkamenik eskatu behar, eskatzekotan enpresak eskatu behar du.

Pilotak seriotasun pixka bat galdu duela esan daiteke?
Normala da jendea haserretzea. Txapelketa jarraitzen ari bazara eta unerik garrantzitsuenean, beraiek nahi dituzten pilotariak sartzen badituzte, normala da jendea haserretzea eta ez sinestea pilotan. Azkenean logikoagoa da Arretxek eta Apraizek irabaztea, guk baino. Ematen zuen enpresak haiek sartzea nahi zuela, enpresa bakoitzetik bikote bat egoteko finalean. Guk ezin genuen ezer egin, horrela atera zen eta aurrera egin beharra dago.

Arantza hor dago, baina txapelketa osotasunean hartuta, gustura egotekoa da, ezta?
Txapelketa sentsazio txarrekin hasi nintzen, baina Aitorrek asko lagundu zidan, eta nik uste dut txapelketan zehar hazten joan garela. Gure helburua finalean sartzea zen eta hortik oso gertu egon gara. Beraz, gustura egoteko moduan, baina arantzarekin, zuk esan moduan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!