Matxintxulo izena jarri diote Asteasuko ibilbide osasungarriari

Tolosaldeko Ataria 2015ko mar. 20a, 18:04

Besteak beste, Matxintxulo izeneko parajea zeharkatzen du ibilbideak eta hortik hartu du izena. "Pausoz pauso, Asteasuko ibilbide osasungarria" inauguratu dute gaur arratsaldean. Udalak, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak eta Osakidetzak hartu dute parte proiektu honetan. Eta herritarren iritziak ere hartu dituzte aintzakotzat. Denen ekarpenekin osatu da ibilbidea eta prest egongo da erabiltzaile guztientzako.

2,8 kilometroko luzera du ibilbideak. Lege Zaharren enparantzan hasi eta erreka ondotik, Usarrabi pasealekutik, herri baratzetarainoko bidea egiten du. Handik Matxintxulora joaten da eta bidegorritik egiten du herriko kaskora buelta.

Bide hau aspalditik dago egina, baina ibilbide osasungarri bezala osatzeko hainbat azpiegitura jarri zaizkio: eserlekuak, iturriak, seinalizazioa, osasun ariketako gunea eta atseden gunea adibidez. Pili Legarda, Asteasuko alkateak nabarmendu duenez, "Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin parte hartze prozesu bat jarri genuen martxan. Herriko hainbat eragilek egin dituzte ekarpenak, esate baterako, emakume taldekoek ibilbidean komunak behar zituztela esan ziguten eta haiei kasu eginaz jarri dira".

"Ahalegin handirik egin gabe eta herrian paseoan ibiliz osasunari mesede handia egin diezaiokegu". Horrela adierazi du herriko familia medikuak. Ahal bada arin ibili, oinetako egokiak erabili eta ura edateko gomendioak luzatu ditu ibilbidearen inaugurazio ekitaldian. "Bihotza sendoago edukitzeko, arteria-tentsioa jaisteko eta kolesterol eta azukre mailak neurrian mantentzeko balio du oinez ibiltzeak". Norabide berean hitz egin du Tomas Plazaola Tolosaldeko Osasun saileko buruak: "ariketa fisikoak gorputzari bakarrik ez, buruari ere on egiten dio. Adineko jende asko dago bakarrik bizi dena eta etxetik ibilbide hau egitera ateratzeak jendearekin harremanetan jartzen lagun ditzake".

"Azpiegitura eginda dago, baino gero erabilera eman behar zaio", esan du Pili Legarra alkateak. Horretan ere pentsatu dute: astean behin ibilbidea elkarrekin egiteko irteerak antolatuko dituzte eta Isabel Dumal, herriko kirol teknikaria arituko da azalpenak ematen. "Jarri diren tresnak nola erabili ikasteko aukera izango dugu elkarrekin. Norberak ahal duen neurrian ariketa fisikoa nola egin dezakeen ikasiko du".

Erabilera sustatzeko udalak txartelak banatuko dizkie herritarrei. Ibilbidea egiten den txanda bakoitzeko zigilu bat jasoko du parte hartzaileak eta hutsune guztiak betetzen dituenean sari bat jasoko du. "Gehienbat jubilatuengan pentsatuta osatu dugu ibilbidea eta beraz hauek urtean zehar antolatzen dituzten bidaietako batera dohainik joateko aukera emango zaio txartela osatzen duenari", adierazi du Pili Legarrak. Pizgarritxo bat jarri nahi izan diete, beraz.

 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!