Asteasuko Lizardi etxeaz erabakitzeko bilera gaur

Tolosaldeko Ataria 2015ko mar. 11a, 12:50

Betani etxera aldatu zituzten arte, hirugarren adinekoentzat etxebizitzak zeuden Lizardi etxean. Hutsik geratu zenetik erabilerarik ez zaio ematen eraikinari. Alizia Suso, Asteasuko parte hartze teknikaria da eta Lizardi etxearen inguruan martxan jarri duten prozesuaren berri eman du.

"Beharren azterketa batekin hasi nahi izan dugu. Beharrak zeintzuk diren aztertzen ez bada, arriskua dago gero sostengarria ez den erabilera bat ematea eraikinari". Zeintzuk dira herritarrek dituzten beharrak? Nola imaginatzen duzu Lizardi etxea etorkizun batean? galdera horien inguruan hasi dira lanketa egiten.

Urtarrila amaieran egin zuten lehenengo bilera orokorra gaiari buruz hitz egiteko. 15 lagun bildu ziren bertara eta prozesuaren arduradunen ustez anitza izan zen taldea. Susoren iritzian, «teknikarioi dagokigu gero herritarrek espresatutako behar horiek interpretzatzea eta hori, nagusiki, zuzeneko harremaren bitartez lortzen da».

Horregatik, parte hartze prozesu honetan lanketa berezituak egin nahi izan dituzte. Hasieratik mahai gainean jarritako galderak oinarri hartuta eta metodologia moldatuta bildu dira, dagoeneko, herriko guraso eta etorkinekin. Epe motzera, emakume taldearekin egongo dira eta martxoaren 25ean hitzordua jarrita daukate herriko jubilatuekin. Umeekin ere lanketa berezitua egiteko asmoa dute. «Etorkinen kasuan, 10 lagun agertu ziren otsailean izan genuen bilerara eta kontuan hartu behar da herrian guztira 50 daude erroldatuta. Haien bizi esperientziak jasotzeko asmoa dugu prozesurako interesgarria izango delakoan».
Izan ere, asteasuarrek Lizardi etxearen etorkizunaz erabakitzeko aukera izango dute baina zeharlerrokotasuna landu nahi du Astesuko udalak prozesuarekin. Beraz, aniztasuna, berdintasuna, euskararen ikuspegia txertatu eta beste gai batzuk lantzeko balioko dute hilabeteotako bilerek. «Oso zaila da bilera irekietara herritarrak erakartzea. Konfidantzazko guneak aprobetxatzea garrantzitsua da. Etekin gehiago ateratzen zaie bilera horiei”, nabarmendu du parte hartze teknikariak.

Orain arte egindako bileratan, hasi dira gauza batzuk errepikatzen. “Agertu da belaunaldi ezberdinen arteko topatzeko beharra, transmisioaren ideia. Dinamizazioaren beharra ere planteatu dute herritarrek. Leku fisiko bat egotea ondo dagoela esan digute baina gero jarduerak aurrera eramateko gune hori dinamizatu egin behar dela. Etxebizitza beharra ere atera dute bileretan”.

Lanketa berezitu horien atera diren gaiak plenario orokorretara eramaten dira. Lehenengoa urtarrila bukaeran egin zuten eta gaur egingo dute bigarrena. Orain arte ateratako gaiak landuko dira gaur eta pixkanaka lehentasunak zehazten joango dira. Lizardi etxean bertan bilduko dira 19:30etan. Bigarren solairua bisitatzeko aukera ere izango dute bertaratutakoek, beheko partea baino ez dutelako ezagutzen herritar askok.

Udalak, prozesuan aterakoa aintzakotzat hartuko duela hitz eman du. «Mugak beti egongo dira. Horietako bat, garrantzitsuena akaso, ekonomikoa da. Beste bat, eskumenena izan liteke». Hala ere, parte hartze teknikariak azpimarratu du, testuinguru horretan ondo kokatzen direla herritarrak.

Uda aurretik asmoa dute egiten diren proposamenak lehenesteko. Lizardi etxeari emango zaion erabilera zehazten denean jarduera hori nola sostengatuko den ere erabaki beharko dute herritarrek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!