Obaba inguruko kale argiteria berrituko dute datozen asteetan

Tolosaldeko Ataria 2015ko ots. 10a, 16:09

Energia aurreztea eta energia eraginkortasuna lortzea dira Asteasuko Udalaren helburuak 

Asteasuko Udala Obaba inguruko kale argiteria berritzen hasiko da datorren astean. Zehazki Obaba, Hipolito Usabiaga, Juan Bautista Agirre eta Zilar kaleetan, eta Ibarrazpi pasealekuan zein Tranpazulo plazan hasiko dira argiteria berritzen.

Udalak azaldu duenez, bi dira helburuak: energia aurreztea eta energia eraginkortasuna lortzea. Izan ere, udalak energia gehiegi ez xahutzea eta energia eraginkortasuna bilatzeko aritu da lanean azken lau urteetan, eta zentzu horretan, iaz, argiteria publikoko kontsumoak aztertzen hasi zen. Argiterian aldaketa batzuk eginda, kontsumoa murrizteko eta energia zein dirua aurrezteko modua bazela ikusi zuten azterketarekin. «Hala, herri osoko argiterian aldaketak egitea beharrezkoa zela ondorioztatu genuen. Eta horri ekingo dio aurki», esan du udalak.

Argiteria aldatuta energia kontsumoa %70 murriztuko dela aurreikusi du udalak. Horretarako kaleko argien buruak aldatuko dituzte eta LED sistemakoak jarri. Argi berriek 100.000 orduko iraupena izango dute eta ez dute inolako mantentze lanik behar. Gainera, LED teknologia berriarekin, energia kontsumoa %70 murrizteaz gain, ez du argi kutsadurarik eragingo. Ezaugarri horiei esker, energia eraginkortasuna lortzeko baldintzak beteko ditu Asteasuk.

Udalak dagoeneko esleitu ditu lanak, lehiaketa bidez, eta Erka enpresa izango da zereginaz arduratuko dena.
Argiteria aldatzeak 52.458 euroko gastua ekarriko dio udalari, baina Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta EEE Energiaren Euskal Erakundearen diru laguntzak jasoko dituzte, eta ondorioz udalak, gastuaren %40 hartuko du bere gain.

Inbertsio txiki hori egin beharko duela dio udalak, baina luzera, dirua aurreztea ekarriko diola nabarmendu du. «Eta energia eta dirua aurrezteaz gainera, orain arteko argi maila hobetzea lortuko dugu, baita instalazioak kalifikazio hobea izatea ere. Azken batean, herritarrak zein ingurumena aintzat hartuta, Asteasuk beste pauso bat emango du aurrera», esan du.

 

KZguneko dinamizatzailea, martxoaren 3an


Asteasuko Udalak jakinarazi duenez, KZguneko dinamizatzailea martxoaren 3an izango kultur etxean eta Kzgunean bertan 16:00etatik 18:00etara. Udalak herritarrak gonbidatu ditu bertaratu eta KZguneko erabiltzaile egitera edo dauden ikastaroen informazioa eskatzera. Formakuntza garaia dela gogoratu dute KZgunetik; «berriz ere zeure burua aktibatu eta teknologia berrietan janzten jarraitzeko une aproposena da. Erabili itzazu sare sozialak, ikasi doako deiak egiten, ordainketa seguruak egiten edo familiako argazkiei ukituak ematen».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!