Herritarrekin adostuko dute Asteasuko Lizardi etxearen erabilera

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko urt. 28a, 15:56

Parte hartze prozesuko lehen bilera bihar izango da 19:30etik aurrera.

Asteasuko Udalak Lizardi etxearen erabilera definitzeko prozesu parte hartzailea abiarazi du. Hasi berri den urte honetan zehar gauzatuko dute, eta prozesua «anitza eta zabala» izatea nahi dutela esan du Alicia Suso Partaidetza teknikariak.

Prozesu hori egiteko bilerak egingo dituzte herritarrekin eta lehen hitzordua bihar bertan izango da, 19:30etik aurrera, Lizardi etxean bertan. Saio horretan bertan egitasmoa aurkeztuko diete herritarrei, eta lehenengo ekarpenak jasotzen hasi.

Susok argitu duenez, «prozesuak arreta berezia eskainiko dio emakume eta etorkinei, normalean erabaki guneetatik kanpo gelditzen diren talde horiei, alegia». Udalaren nahia prozesua anitza eta zabala izatea da, eta horretarako metodologia ezberdinak erabiliko dituztela eta parte hartzaile anitz horien errealitateari egokitutako tresnak bilatuko dituztela esan du Partaidetza teknikariak.

Udalak herritar guztiak animatu nahi ditu egingo dituzten bileretara azaltzera, bai informazioa jasotzeko eta baita ekarpenak egin ahal izateko ere. «Azken finean, parte hartzea eragin nahi dugu, erabakitzea, esku hartzea, iritzia ematea, iradokitzea, proposatzea eta modu kontzientean prozesu ireki batean sartzea», esan du Susok.

Prozesua
Parte hartze prozesuan erabiliko dituzten teknikak, aniztasunera eta konpondu beharreko arazoetara egokitu behar dituztela ere esan du, eta horietako batzuk izango direla eztabaida eta sorkuntza taldeak eta batzarrak.

Udalak era berean, herrian jada antolatuta dauden taldeetara joko du hausnarketa egiteko.

Bigarren fase batean Lizardi etxeak ematen dituen aukerak aztertuko dituzte. Prozesua dena den, ez dela erabileraren definizioarekin bukatuko esan du Alicia Suso Partaidetza teknikariak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!