Informazioa, egoki birziklatzeko

Rebeka Calvo Gonzalez 2015ko urt. 22a, 10:08
Soprak egindako edukiontzi berdeen azterketako emaitzak

Asteasuko Udala kezkatuta dago errefusa ontzietan biltzen denarekin; hondakinak biltzeko sistema mistoa erabiltzen dute 

Spora ingurumen arloko enpresak Asteasuko errefusaren ontzietan jasotako zaborraren azterketa egin zuen orain hilabete batzuk eta emaitzarekin kezkatuta dago udala. Jasotako %37a sukaldeko gaiak dira, organikoa batez ere, eta errefusa %18a besterik ez da. Ontzi arinak, janari xahutua, papera eta kartoia, hildako animaliak, beira... denetatik aurkitu zuten bertan.

Pili Legarra alkateak azaldu duenez, Asteasun ezarritako sistema mistoa malgua da, eta herritarrek erraz sailkatu ditzakete hondakinak era honetara, horregatik egiten die dei herritarrei: «Herritar batzuk oso ondo sailkatzen dute, baina ez denak, beste batzuei kostatzen ari zaie, egoera iraultzen saiatu behar gara». Udalaren helburua ahal den gehiena birziklatzea da eta hori dela eta neurriak hartzera behartuta dagoela dio Legarrak.

Ondo birziklatzea herritar guztien ardura dela dio, eta errefusa kopurua jaisteko beharraz hitz egin du. «Errefusa gutxitzen ez badugu, Zaborren Ordainketa kostuak igo egingo zaizkigu», ohartarazi du. Izan ere, orain arte herri bakoitzak biztanle kopuruaren arabera ordaintzen zion zerbitzuarengatik Mankomunitateari, baina orain herri bakoitzak sortzen duen errefusaren arabera ordainduko du eta beraz, egoera zuzentzen ez badute Zaborraren Tasa ere igo beharko dute. «Udaletik eskerrak eman nahi dizkiegu ondo birziklatzen ari direnei, baina emaitzak hobetu behar ditugu, eta ildo horretan lan egin», esan du.

Udalak ez ditu neurri gogorrak ezarri nahi eta sentsibilizazio kanpaina bat abiaraztea erabaki du. Orain arte aldaketa batzuk egin dituzte, hala ere, landa eremuko ekarpen gunean osatzea, esaterako, baina aurrera begira beste neurri batzuk hartzea erabaki dute, horrekin egoera zuzenduko dutelakoan. Batetik, herrigunean errefusa ontziei sarrerako zuloa txikituko diete. «Gaika ondo sailkatuz gero etxeetan sortzen den errefusa kopurua oso txikia da, eta zulo txikiago batetik sartu ahal da», azaldu du Legarrak. Bestetik, landa gunean nola birziklatu behar den azaltzeko pertsona bat dabil etxez etxe, eta errefusa ontziak giltzatuko dituzte. «Orain arte irekiak egon dira, eta askok badute errezeloa kanpotik ere etortzen direla zaborra botatzera», gaineratu du. Azkenik, saltokietan eta jarduera bereziko lekuetan ere informazioa emango die Etxaurik. Udarara bitarte itxarongo dute kanpaina honen emaitzak ikusteko, eta lortzen ez badute beste sistema eraginkorrago bat bilatu beharko dutela esan du alkateak.

 

«Nire lana informazioa ematea eta zalantzak argitzea da, aurrez aurre egoteak asko laguntzen du»

Andrea Etxauri Belzunegi• Sentsibilizazio kanpainaren arduraduna

Andrea Etxauri Belzunegi azaro erdialdetik dabil sentsibilizazio kanpainan murgilduta. Asteasuko etxe eta baserrietara joaten da bisitak egitera eta ezjakintasuna baino, jakin nahi ez dutenak topatu ditu, baina hori da hain justu bere lana: asteasuarrek dituzten zalantzak argitzea eta informazioa ematea. «Aurrez aurre egoteak asko laguntzen du jendeak dituen zalantzak planteatzen», dio. Orain arte Erreka bailara, Goi bailara eta Behe bailaran egin ditu bisitak. Orain Elizmendin ari da eta Upazan egingo ditu azken bisitak.


Zein da zure egitekoa etxeetara joaten zarenean?
Nire lana batez ere, informazioa ematea da. Batetik udalak etxez etxe banatu duen orriaren berri ematen diet; edukiontzien azterketa egin duela Sporak eta emaitza zein izan den esaten diet. Zein bilketa mota dauden ere esaten diet, nora bota behar dituzten gaiak... aukera desberdinen berri ematen diet. Esaterako baserrietan pisuetan sortzen ez diren beste mota bateko hondakinak dituzte. Adibidez, belar bolak biltzeko plastikoak edo baratzeetan jartzen diren plastiko beltzak. Askok hauek erre egiten dituzte, baina Tolomendik badu hauek jasotzeko zerbitzu bat, eta horren berri ematen diet. Edukiontzi bakoitzean zer dagoen ere azaltzen diet, Garbiguneak non dauden eta zer eramaten den bertara... Hilabeteko lehen eta hirugarren ostiraletan ordu jakin batzuetan traste zaharren bilketa ere badagoela aipatzen diet. Udaletxean badago ere kutxa handi bat Garbigunera eramateko gauzak sartzeko. Oso handiak ez diren gauzak eraman daitezke bertara; zartaginak, fluoreszenteak, irrati txikiak...


Landa eremuan, hala ere, askotariko etxebizitzak topatuko zenituen; baserri bezala funtzionatzen dutenak, herriguneko etxebizitzak bezalakoak direnak...
Hiri hondakinak sortzen dituzten etxeak ere badaude landa eremuan. Baina badaude ere, noski, baserriak direnak eta bestelako gaiak pilatzen dituztenak. Hauetan, askotan, duela urte asko funtzionatzen zuten moduan aritzen dira, hau da, dena erretzen dute. Beraiena kudeatzeko beste modu bat da. Kontua da nola egiten den. Esate baterako, askok ekonomika edo beheko sua dute eta papera erretzen dute, ia ez dute paperik ateratzen. Normala da. Organiko asko berrerabiltzen dute ere; animaliei ematen diete sortzen duten hondakin asko, eta ematen ez dietena simaur pilan sartzen dute, papera edota intxaur azalak erretzeko erabiltzen dituzte... berrerabiltzeko beste modu bat da, hondakinak kudeatzeko beste modu bat.

Landa gunean beraz, herrigunean ez dituzten arazoak topatu dituzu.  
Landa gunean dagoen arazoetako bat da, handienetakoa nire ustez, ekarpen guneak oso joan-etorrian daudela da eta inguruan ez daudela etxe asko, eta beraz, inguruko herrietako norbaitek zerbait bota nahi badu eta bere herrian ezin badu han utzi dezakeela. Baina orain giltzatu egingo dituzte, ea horrela arazoa konpontzen den.

Landa guneko ekarpen guneak ere osatu ditu udalak.
Eta asko eskertu dute. Askok herrigunera jaitsi behar zuten sailkatzera eta orain han bertan edukiontzi desberdinak edukitzea asko eskertu dute, nahiz eta berrantolaketarekin beste batzuk kexu ere badiren. Baina hori beti gertatzen da, ezin denak gustura utzi.

Askotan entzuten da ere adineko jendeari kosta egiten zaiola...
Ustea besterik ez da. Adineko jende askok oso ondo egiten dute. Lehen  ez zegoen dena botatzeko ohitura hau, eta oso ondo bideratzen dituzte hondakinak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!