Sagain Mendi taldearen etorkizuna, kolokan

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko urt. 15a, 13:38

Asteasuko Sagain mendi taldearen etorkizuna kolokan dago, herritarrek haien jarduerei erantzunik ematen ez diotelako. Arduradunek mendizaleen federatu txartelak egingo dituzte, eta urtebeteko epea uzteko erabakia hartu dute, norbaitek aurrera jarraitzeko lekukoa hartuko duenaren itxaropenez.

Sagain mendi taldearen etorkizuna zalantzan dagoela jakinarazi duzue zuen webgunearen bitartez.
Bai, egia esan, denbora daramagu erabakiarekin bueltaka. Duela hiru urte inguru Euskal Herriko kostalde guztia trekking eginez zeharkatzeko martxa antolatu genuen, eta hark jendea erakarri zuen, hasiera batean, behintzat. Gerora, ordea, taldeko mugimendua ez aurrera ez atzera geratu zen, jende kopurua ere nabarmen murriztu zelako. Asteasu ere herri txikia da, eta ezin du talde jendetsua izan, baina erantzunik jasotzen ez genuenez, gogoa ere apaltzen joan da.

Hausnarketa baten beharra ikusi zenuten, beraz.
Bai, hori da. Kontua da 2015a gainean genuela, beraz, federatu txartelak egiteko lanekin aurrera egitea erabaki genuen; bide batez, jende berria animatzeko epe bat uztea egokia izan zitekeela ere pentsatu genuen. Izan ere, pena litzateke Sagain desagertzea, elkarte moduan erregistratzeko paper eta dokumentazio guztia egina baitago.

Gaur egun, zenbat kide ari zarete Sagain-en lanean?
Bospasei lagun aritzen gara. Egia esan, ardurak ez du lan handirik; ideia berriak izatea da kontua eta, ondoren, gutxieneko konpromiso bat hartzea ideia horiek gauzatu ahal izateko.

Jende berriak freskotasuna ere ekar lezake, ezta?
Bai. Jende berriak ideia berriak ekarriko lituzke, eta Sagain-i erantzun ona emango liokeen jendea badagoela iruditzen zait.

Mendi taldeen itzaltze hau ezta Asteasuko kontu isolatua. Zein da, zure ustez, horren arrazoia?
Lehen, mendi taldeek beste funtzio bat zuten, ez baitzegoen gaur egungo erraztasunik mendira joateko. Horrela, taldeek mendizaleak bildu eta mendira joaterakoan segurtasun bat eskaintzen zuten. Gaur egun, berriz, informazio asko dago, erraztasun handiak, eta badirudi jendea gauzak bere kabuz antolatzen hasia dela. Izan ere, herri handietako taldeak ere kili-kolo dabiltzala jakin dugu; ez gara bakarrak, beraz.

Mendiaz gozatzeko bestelako ereduak — lehia, adibidez— nahiago dituzte gazteek?
Ez dakit lehia ote den. Ondarroako kasua ezagutzen dut, eta han gazte asko sartu ziren duela urte batzuk, eskalada egiteko eskaintza zutelako; sekulako mugimendua sortu zuten. Beraz, posible da bestelako jarduera mota bat antolatu behar izatea.

Taldeko giroak ere indarra du, ezta?
Hori da. Azken finean, lagunak izanez gero, taldeak gehiago erakartzen zaitu. Dena den, hainbat arrazoiren nahasketa dago krisi txiki honetan, nire ustez; ez dut uste arrazoi bakarra dagoenik.

Hasi berria den urtea, beraz, probakoa izango da, nolabait.
Bai, Orain, urte hasierarekin, federatu txartelak egiten ari gara, eta gure webgunean gutun bat argitaratu dugu, gure asmoak ezagutarazteko. Gainerakoan zain gaude, eta bada hitz egiteko prest azaldu den jendea; ez zein asmo duten. Bestela, ekaina-uztaila inguruan, elkartea ixteko eman beharreko pausoei ekingo diegu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!