Asteasuko ostalaritza, merkataritza eta turismoa sustatzeko plana, abian

Mikel Iraola 2014ko abe. 11a, 15:45

Turismo eskaintza osatu, egituratu eta dinamizatzeko helburua du, modu horretan, turista kopurua haztea eta horien egonaldia luzatzea. Horretarako, bertako ostalaritza, lo-tokiak eta merkataritza sustatzeko kanpaina abiaraziko dituzte.

Tolosaldea Garatzeneko turismo sailak apirilean egindako diagnosiaren ondorio da plan hau, eta proposamenak landu ondoren, abiatu dute dagoeneko. Baliabide turistiko, natural, aisialdikoak, historiko-kulturalak, gastronomikoak eta jaiekin erlazionatutakoak indartuko dira planaren bidez.

Ez hori bakarrik, herriko ostalaritza eta merkataritza ere dinamizatuko baitira. Dagoeneko egiten diren azoka eta ospakizunak zabaltzeko modua hobetuko da. Ekitaldi gastronomikoak egitea ere aurreikusten dute.

Horrez gain, produktu turistikoak ere osatuko dituzte, natura guneak sortuz. Horretarako, lehendik dauden igerileku, bidegorri eta mendi ibilbideak bestelakoekin osatzea aurreikusi da. Adibidez, autokarabanentzako gune bat prestatuko dute, atsedenleku eta jolasguneak dituena.

‘Ongi Etorri Obabara’ ardatz
Ekimen eta helburu guztiak irudikatuko dituen marka irudi bat aukeratu du udalak. Horrela, marka irudi hori ikusten duen orok jakingo du bertako turismoa sustatzeko asmoz prestatutako ekintza edo ekimena dela. 

Era berean, ongietorria emateko panelak jarriko dira Asteasuko sarreretan, Iturriotz eta Andazarrate ingurura hurbiltzen den jende andana herrigunera erakartzeko helburuarekin. Panel horietan erakargarritasun turistikoak eta Asteasuk eskaintzen dituen zerbitzuak agertuko dira zehaztuta.

Bernardo Atxaga herritarraren 'Obabakoak' liburua ardatz hartu dute, Obabaren inguruan sortutako unibertsoaren kultura eta aisiarako proposamena sustatzea litzateke, ibilbide tematiko baten bitartez. Liburuan, Atxagak mundu bat sortzen du, pertsonaien, tokien, ohituren, errituen, elezaharren eta bestelakoen bitartez, Asteasu eta bere inguruetatik abiatuta.

Hori dela eta, ibilbide tematiko bat presttuko dute, Obaba unibertsoan giltzarriak diren guneetan interes turistiko handieneko puntuak zentratuz: zelai berdeak, mendi mazelak, baserriak, sagarrondoak, errekak, lasaitasuna, isiltasuna… Orotara 3,1 km. izango ditu, eta bidean zehar, 8 interpretazio panel jarriko dira. Panelek, era berean, QR kode bat izango dute, webgunerako jauzia egin, eta era horretan, informazioa osatzeko aukera izateko. Ibilbideak Asteasuko jatetxe, nekazal etxe eta bestelako saltokiak ere zeharkatuko ditu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!