Aitor Hernandezek irabazi du Asteasuko Ziklokros proba

Mikel Iraola 2014ko abenduaren 6a

Asko sufritu dute gaurkoan txirrindulariek, baina ikuskizuna latza izan da, elite mailan, esprintean erabaki baita garaipena.

Amaierara arte emozioa izan du Asteasuko Ziklokros probak. Aitor Hernandez eta Javier Ruiz de Larrinagak esprint lehiatua jokatu dute, eta lehenengoarentzat izan da garaipena.

Ruiz de Larrinaga izan da, ordea, lasterketa osoan aurretik izan dena. Arabarrak 200-300 metroko aldea zuen bizkaitarrarekik, baina ezin tarte handiagorik zabaldu. Lokatz asko zegoen ibilbidean, eta zati horietan abantaila lortzen zuen Ametzagakoak, baina ondoren, asfalto gainean, Elizmendi auzoan zehar, Hernandezek abantaila gutxitzen zion.

Sei itzuli eman dizkiote eguraldi txarrari muzin eginda jendez gainezka zegoen zirkuituari, eta azkenekoan harrapatu du Hernandezek Ruiz de Larrinaga. Batera egin dituzte azken metroak eta sprintean zentimetro gutxi batzurengatik lortu du ermuarrak garaipena. Guztira 56 minutu eta 12 segundo behar izan dituzte. Hirugarren postuan, Ismael Barba sailkatu da, 1:01:04ko denborarekin, 4:52ra.

Aurten lasterketa bakarrean huts egin du Hernandezek, gainontzeko guztiak irabazi ditu. Lasterketa amaieran sufrimendua adierazi du arabarrak: "Hotza ez dut gustuko, eta asko sufritu dut gaur, baina oso pozik nago garaipenarekin". 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!