Adinekoek elkarrekin bizitzeko etxe berria dute, Asteasun

Ataria 2014ko azaroaren 25a

Asteasuko Udalak adinekoentzako Betani etxea inauguratu du. Adinekoak elkarrekin bizi dira etxebizitza berean. Lau logela egokitu dituzte, eta hiru beteta daude egun.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntzari esker berritu dute etxebizitza. Solairu bakarrean eginiko etxebizitza da Betani. Lau logelez gain, sukaldea, egongela eta bi bainugela ditu. Gaur egun, hiru gizonezkok egiten dute bizitza bertan.

Bakarrik bizi diren herritarrek elkarrekin bizitzeko aukera dute Betani etxean. Herritarren beharrak handitzen badira, logela gehiago egiteko aukera ere badu oraindik udalak.

Asteasuko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza eskertu nahi izan zuen larunbatean egin zuen inaugurazio ekitaldian. Bertan izan zen Peio Gascon Lurraldeko Antolaketako zuzendaria, eta baita Asteasuko Udaleko hainbat zinegotzi ere.

"Erabilera egoki eta goxo bat" izan dezaten opa izan zien Pili Legarra alkateak. Herriko adinekoak ere gonbidatu zituzten Betani etxea bisitatzera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!