"Gazteak herrian geratzeko" 32 etxebizitza Asteasun

Mikel Iraola 2014ko aza. 6a, 13:43

32 etxebizitza libre eraikiko dira Lamiategin 2016. urte amaierarako. Asteasuarrek lehentasuna izan arren, sustapen irekia izango dute.

Etxebizitzen ezaugarriei dagokienez, 24 hiru logelakoak izango dira, eta gainontzeko zortziak bi logelako atikoak. Bi ataritan banatuta izango dira. Iakes Gibelalde, etxebizitzen arduradunak, Asteasuko Udal Aldizkarian azaldu duenez, "denek terraza handia izango dute, eta orientazio ona. Barne antolaketa ere mimoz prestatuta izango da". 

Beheko solairuko etxebizitzek 80m2 inguru izango dituzte, eta 20m2 eta 154m2 bitarteko terrazak. Lehen eta bigarren solairukoak 75m2 ingurukoak izango dira, 12m2ko terrazarekin; eta atikoek, berriz, 58-62m2 inguru eta 22m2ko terrazak dituzte.

Horrexegatik, erosle bakoitzaren gustu eta erosotasunera egokitu nahi ditu Sukia eraikuntza enpresak: "Bezeroei aukera emango diegu espazioak diseinatzeko: sukalde independentea edo egongelan sartutakoa nahi dutela, edo logelei metro gehiago eman nahi dizkietela..." gaineratu du Gibelaldek.

Horrez gain, sotoan, etxebizitza bakoitzarentzat garaje ireki bat eta trasteleku bat eraikiko dute. Guztira 34 trasteleku eta 38 garaje.

Izen-ematea bide onetik
Izen-ematea uztailean hasi zuen, eta hilabete horretan bertan 32 asteasuarrek eman zuten izena. Kanpotik ere dei ugari jaso dituzte: "Herritarrei eta batik bat gazteei Asteasun bizitzen geratzeko bidea ireki nahi izan diegu" azaldu du Pili Legarrak. Horregatik, zozketarako onartu ziren lehentasun irizpideak adostu zituzten Asteasu Batuz eta EAJ udal taldeen aldeko bozkekin.

Irizpide horien arabera, lehentasun gehiena dute azken urte t'erdian Asteasun erroldatutakoek, %75eko gaitasun fisiko urritasuna dutenek, etxebizita baten jabe ez direnak eta 2011. urteko inkestan beren interesa azaldu zutenak. Bigarren poltsan, azken 10 urteotan gutxienez bost urtez herrian erroldatutakoak izango lirateke. Hirugarrenean, berriz, 10 urteko epean noizpait erroldatuak izan direnak, herriko enpresaren batean lan egiten dutenak, eta etxebizitza baten jabe izan eta erroldatuta daudenak leudeke. 

Udalak bi etxebizitza gordeko ditu, lur-jabeekin sinaturiko hitzarmen urbanistikoari aurre egin ahal izateko. Gainontzeko 30ak, Sustauz sustapen etxeak salduko ditu zazpi hilabeteko epean. Aurretik, baina, udalak hiru hilabete gorde ditu asteasuarren artean saldu ahal izateko, "herriarentzat" nahi baititu etxebizitza horiek. Guztiak modu horretan salduko ez balira, kanpoko jendeari zabaltzeko aukera izango luke Sustatuz-ek.

Prezio "onak"
Prezio aldetik, udalak "muga jakin batzuk" jarri dizkio, "hortik gorako prezioak" jar ez ditzaten. Hiru logelako etxebizitzek 150.000 eta 165.000 euro bitarteko salneurria dute. Bi logelako atikoek, berriz, 144.000 eta 155.000 euro artekoa; eta garaje eta trastelekuak, 21.000 euro inguru balioko ditu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!