Javier Iraola harakinaren apustua behi arraza onenaren alde

Erabiltzailearen aurpegia Igor Agirre 2014ko urr. 21a, 10:53

Euskal Herrian behi batengatik kiloko gehien ordaindu duen harakinean bihurtu da asteasuarra. 

Ostiral goizean behi arraza famatu bateko animalia hil zuten Tolosako hiltegian. Arraza eskoziar honek Aberdeen Angus du izena eta munduko behi arraza onena bezela kontsideratuta dago. Javier Iraola harakin asteasuarrak eskuratu du behi berezi honen haragia.

Berezia da behia. Ez bere arraza oso ongi ikusia dagoelako bakarrik, Euskal Herriko kontsumitzaileek eskuratzea oso zaila delako ere bai. Goi mailako behi arraza honen okela, Madrileko kontsumitzaile berezi batzuei soilik eskaintzen zitzaien orain dela gutxira arte eta Javier Iraolaren asmoa gure inguruan haragi berezi hau dastatzeko aukera ematea da.

Apustu handia egin du Iraola harakinak Aberdeen Angus arrazako behiarekin. Bide berri bat ireki nahi dio haragi honi hemengo merkatuan eta orain arte, inoiz inork Euskal Herrian behi baten haragiarengatik kiloko gehien ordaindu duen harakinean bihurtu da asteasuarra. «Apustu ekonomiko handia» izan dela dio Asteasuko Kale Berriko harakinak.
 
Ekonomikoki esfortzu garrantzitsua egin behar izan badu ere, bere harategiko ohiko bezeroen eskura jarri nahi du okela Javier Iraolak. «Ahal bada behintzat» ingurukoek haragia eskuratzea nahi du harakinak, oraindik ikusteko dago, ordea, Aberdeen Angus arrazako behiaren okelak erosleengan sortuko duen interesa. Horrelako behi gehiago bezeroei eskaintzea da Iraolaren asmoa posible izanez gero behintzat. Ez da haragiaren kalitate faltagatik izango. Gai honetan adituak direnen artean oso preziatu da Aberdeen Angus behi arrazaren haragia eta bereziki aipatzen dute animalia honen okelak duen samurtasuna.

Javier Iraola harakinak eskuratu duen Angus arrazako behiak 421,5 kilo pisatu zituen Tolosako Hiltegiko balantzan. Hondarribiko Aranburu baserritarraren larreetan hazi da azken sei urteetan animalia eta pentsu ez-transgenikoaz elikatu dute arraza bereko beste bost behiekin batera.

Ostiralean ere lehen aldiz hil zuten Aberdeen Angus arrazako behi bat Tolosako hiltegian. Arraza honetako behien haragia eskurago izatea lortu nahi du honela Javier Iraolak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!