Kalabazarik ederrenak bilduko dituzte Asteasun

Erabiltzailearen aurpegia Igor Agirre 2014ko ira. 26a, 12:00

Ganadua, artisautza postuak, elikagaiak eta trikitilariak ere izango dira protagonistak igandeko azoka berezian.

Lehengo urtean kalabaza lehiaketa izan zen berrikuntza Asteasuko Azoka Berezian eta aurtengo urtean baratzean kalabaza ederren bat duenak txapelketan parte hartzeko aukera izango du berriro ere. Hileko azken igandea aprobetxatuz, Asteasuko Azoka Berezian produktu eta animalia ugari aurkitu ahal izango dituzte goizean nahiz arratsaldean bertaratzen direnek.

Herriko ganaduzaleek animaliak jarriko dituzte ikusgai denentzat Ibargain baserri inguruko belazean 10:00etatik aurrera eta esne behien erakustaldia egingo dute eguerdi aldera.

Pilotalekuan eta Asteasuko plaza inguruan artisauen postuak eta elikagai postuak egongo dira. Indartsu jarraitzen duen beste lehiaketetako bat arroz-esnearena da eta aurtengo azokan ere egingo da pilotalekuan 12:00etan.

Kalabazen lehiaketa berezia
Saririk gabeko lehiaketa da kalabaza ederrenaren lehiaketa eta iaz egin zuten ofizialki lehen aldiz txapelketa. Hala ere, lagunartean lehenago ere egiten zen txapelketa da kalabaza ederrenarena eta lehengo urteko azokan sortu zuen saltsa eta giroa kontutan hartuz aurten berriro egitea erabaki dute. Dantzari eguna aprobetxatuz kalabaza landareak banatu zituzten gerturatu zirenen artean, eta honen ondorioz aurtengoan ere kalabaza ugari pilotalekuan biltzea espero da.

Aurtengo urtea ez da, ordea, kalabazentzat bereziki ona izan. Udaran egin duen hezetasunak ez du lagundu kalabazak behar bezala hazteko baina kalabaza handiak ikustea beti izaten da ikusgarria. Ikustekoa izango da aurten jasotzen diren piezen tamainak nolako ikusmina sortzen duen Asteasun.

Egitaraua

10:00. Azoka eta ganadu erakusketaren irekiera.
11:00. Txekor erre pintxoak.
12:00. Arroz-esne lehiaketaren sari banaketa.
12:30. Esne behien erakusketaldia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!