Zoruak berritzen ari dira Asteasun

Ataria 2014ko irailaren 24a

Haur parkeak eta plaza inguruko errepideak zoru berria izango dute laster.

Asteasun eraberritze lanek ez dute etenik eta aste honetan plaza inguruko eta Kale Berriko asfaltatze lanetan ari dira beharginak. Pasa den astean, udaletxe atzean dagoen haur parkearen zorua aldatze lanak izan ziren eta dagoeneko itxura aldaketa nabarmena izan du herriko haurren jolastokiak. Aste honen amaierarako errepideak ere beste itxura bat edukitzea espero da lanak amaitu ostean.

Aurreko asteartetik ostegunera arte itxita egon zen udaletxe atzeko haurren parkea. Hiru egun horietan zehar jolastokiaren lurzoruaren goma konpontzen jardun zuten beharginek eta konpontze lanak amaitu eta gero itxura berria du jadanik irekita dagoen parkeaz haurrek gozatu dezaten.

Astelehenetik aurrera herriko plaza ingurua eta Kale Berria asfaltatzen ari dira. Lanak gaurko amaituta egotea espero dute udaletik, eguraldiak laguntzen badu behintzat.

Errepidearen zorua berritzeko lanak behar bezala egin ahal izateko Asteasuko plaza inguru guztian ezingo da kotxerik aparkatu gaur, eta autoak bertara sartzea ere debekaturik egongo da. Soilik Errekabailarako bizilagunek izango dute sarbide mugatua bertara.

Arrazoi berarengatik, Kale Nagusirako sarrera ere itxita egongo da, arrazoi teknikoak direla medio, ezingo delako egun horietan asfalto berria zapaldu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!