Lizaso, txapelarik gabe

Ataria 2014ko uztailaren 22a

Lizaso, 2012an lortutako txapelarekin
Pasa den uztailaren 13an Aian jokatu zen finala, eta Lizaso eman zuten irabazletzat. Baina, Igor Esnaolak ebaki eta pisatutako sorta bat ez zuten batu epaileek, eta Gipuzkoako Federazioak akatsa onartu ondoren, Legorretakoari eman diote txapela.

Igor Esnaola da Gipuzkoako sega txapeldun berria. Finalean 13 kilo gutxiago zenbatu zizkioten, eta hasiera batean txapela Juanjoxe Lizaso asteasuarrari eman bazioten ere, Legorretakoari eman diote azkenik garaipena federazioak akatsa onartu ostean. 

Segalariek bost egun dituzte helegiteren bat jartzeko. Helegiterik ez bada, zuzenean Esnaola izango litzateke garaile. Kontrakorik bada, ordea, prozesu guztia amaitu arte ezin izango da txapelduna nor den erabaki. 

Bi segalariek berriro ikusiko dute elkar, uztailaren 31n, Aian jokatuko den Euskal Herriko txapelketako kanporaketan, nahiz eta ez duten elkarren aurka jokatuko. Bi multzotan banatuta daude segalariak, eta Lizaso eta Esnaola, talde horietako bakoitzeko buru dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!