Udalak komunikazioa hobetzeko tresnak sortu ditu

Maier Ugartemendia 2014ko mai. 23a, 11:12
Asteasuko Udaleko komunikazioa taldeak web orria eguneratu eta buletina sortu ditu

Asteasuko Udaleko komunikazio taldeak proiektu berri bat jarri du abian. Proiektu honek bi helburu nagusi ditu udalarekin lotutako informazioa «herritarrei helaraztea» eta herritarrek dituzten egitasmoekin «trukea» sortzea.

Udaletik azaldu dute «urteak» daramatzatela herritarrengana «modu zuzenean iristeko» eta «komunikazio lan eraginkorra gauzatzeko» ahaleginetan. Horretarako, udalak, bi tresna nagusi izango ditu hemendik aurrera. Batetik, bi hilabetean behin «informazioa herritarrei maizago helarazteko» publikatuko den Asteasu elkartuz buletina. Bestetik, www.asteasu.net web orri berritua; udalak udalerriaren «ispilu» izatea nahi duena. Bertan udalarekin lotutako hainbat kontu jasoko dituzte: herriari buruzko hainbat datu, udalaren egitura eta beronen funtzionamenduari buruzko informazioa, parte hartzeko atalak, herriko hainbat talde eta elkarteren jarduna eta aipatutako guztiekin harremanetan jartzeko modua...

Bi tresna hauekin udalak herritarrekin duen harremanean «trukea» bultzatu nahi du; hau da, herritarrek informazioa jasotzeaz gain, informazio sortzaile ere badirenez, herritarrek parte hartzea nahi dute. Gauzak honela, aipatutako tresna hauekin parte hartzea «sustatu» nahi dute, komunikazio kanalak zabalduz.

Buletina eta web orria

Aipatu bezala, bi hilabetez behin buletin bat publikatuko da, eta asmoa «Asteasuko etxe guztietara» iristea da, «herritarrek bertatik bertara jaso dezaten udalaren eta herriaren bueltan gertatzen den guztiaren berri». Gainera, alderdi politikoek ere izango dute txokoa «herritarrei esan beharrekoak zuzenean adierazteko».

Web orriari dagokionez udal gobernuak «berebiziko» ahalegina egin du komunikazio bide horri «behar adina garrantzia» emateko. Hain zuzen ere, herritarren parte hartzea bilatzeko «webgune horizontalagoa» sortu nahi izan dute: sakelako telefonoetara egokitutakoa, administrazio eta administratzaile aniztasuna ahalbidetzen duena, sare sozialetarako saltoa egin duena...

Horregatik guztiagatik, garrantzia eman diote webgune «dinamikoa» izateari, eta herritarren parte hartzea sustatzeko bitartekoak izateari. Helburua asteasuarren artean «sareko komunitate bat» osatzea da.

Finkatzeko helburuak lortze aldera, herritarrek web orrian bertan harpidetu ahal izango dute. Honela, Asteasuko azken berriak zuzenean jasotzeko aukera izango dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!