Bernardo Atxagak Espainiako Kritikaren Saria irabazi du

Ataria 2014ko apirilaren 25a

Euskarazko narratibaren alorrean hautatu dute Asteasuko idazlearen 'Nevadako egunak' (Pamiela) liburua. Bosgarren aldiz irabazi du saria.

AECL Espainako Literatur Kritikarien Elkarteko kideek osatzen dute sariketako epaimahaia, eta iaz argitaratutako liburuen artean egiten dute aukeraketa. Aurtengo sariei dagozkien erabakiak gaur eguerdian adostu eta jakinarazi dituzte, Logroñon (Espainia). Bernardo Atxagaz gain Joxan Artzek ere saritu dute.

Joan den abendu hasieran kaleratu zuen liburua Bernardo Atxagak (Asteasu, Gipuzkoa, 1951), eta horretan orain urte batzuk Renon (Nevada, AEB) egin zuen ia urtebeteko egonaldiko inpresioak bildu zituen, kronika, nobela eta biografia elkartuta. Bosgarren aldiz irabazi du saria. Aurrez, 'Bi anai' (1985), 'Obabakoak' (1988), 'Gizona bere bakardadean' (1993) eta 'Soinujolearen semea' (2003) aukeratu zituen epaimahaiak.

Artze (Usurbil, Gipuzkoa, 1939) azkeneko 26 urteotan idatzitako poemak argitaratzen hasi da, eta lehen bi bildumak iazko azaroan plazaratu zituen. Azkeneko mende laurdenean poema ugari idatzi ditu, eta, haren esanetan, azken urteetan buruhauste gehiago izan ditu idatzitakoak sailkatu eta elkar lotzen berriak idazten baino. Bere kalkuluen arabera, sei liburutan banatuta argitaratuko ditu guztiak.

Azken urteotan, ondokoak izan dira irabazleak bi alorretan: 2010ean, Fermin Etxegoienen Autokarabana narratiban, eta Juanra Madariagaren Eroriaren logika poesian; 2011n, Arantxa Urretabizkaiaren 3 Mariak narratiban, eta Miren Agur Meaberen Bitsa eskuetan poesian; 2012an, Harkaitz Canoren Twist narratiban eta Aritz Gorrotxategiren Hariaz beste poesian; eta, iaz, Ramon Saizarbitoriaren Martutene narratiban, eta Rikardo Arregi Diaz de Herediaren Bitan esan beharra poesian.

Gaztelerazkoan, Rafael Chirbesen En la orilla saritu dute narratiban, eta Antonio Hernandezen Nueva York después de muerto poesian. Katalanezkoan, Pep Collsen Dos taüts negres i dos de blancs nobela eta Carles Duarteren Alba del vespre poesia obra hautatu dituzte, eta galegoz, Anxos Sumairen A lúa da colleita eleberria, eta Berta Davilaren Raíz da fenda poemategia.

Sariketa honetako irabazleei ez zaie diruririk ematen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!