Sarrerak aldez aurretik erosi nahi izanez gero Asteasun Kabelan eta Patxinen, Zizurkil Behean Egarrin eta Zizurkil Goian Iriarten erosi ahal izango dira. Helduek 10 euro ordaindu beharko dute, 12 eta 16 urte bitartekoek 3 euro eta haurrek dohain.
Asteasuko Atzapar pilota eskola 2012an sortu zen. Arduradunetako bat den Andoni Iruretagoienak azaldu bezala, «ordura arte Asteasun ez zegoen pilota eskolarik» eta ondorioz, herriko pilotariak «Tolosara, Zizurkilera edo Andoainera» joan behar izaten zuten. Honela, zortzi eta hamaika urte bitarteko haurrekin kluba osatzea erabaki zuten, eta egun «gustura» daude hartutako erabakiarekin. Eskuz aritzen diren hogeita hamabi mutilek eta palan aritzen diren hamaika neskek osatzen dute eskola; guztiak bejaminaurrekoak, benjaminak eta alebinak.
Datorren ikasturtetik aurrera, pilotan jokatzera beste herri batzuetara joan behar izan duten gaztetxoak pilotan «herrian hastea nahi dugu».
Ostiraleko pilota partidarekin, beraz, Atzapar pilota eskolari bultzada bat eman nahi diote. Batetik, taldeari «laguntza» ekonomikoa emanez eta bide horretan herriko gazteak «aurrera segitzeko».
Herriartekorako bultzada
Pilota jaialdiarekin herrian pilota afizioa bultzatzea espero du Iruretagoienak, eta lehenago aipatutako laguntzaz gain, udaberrian hasiko den Gipuzkoako Herriarteko txapelketarako «bultzada» bat jasotzea ere espero du. Izan ere, azken hiru urtetan ezin izan dute txapelketa honetan parte hartzeko taldea osatu, baina, orain berriz ere beste «bi edo hiru urtetan» ateratzeko aukera dute, eta hori posible egitea nahi dute.
Honela, aurrera begira ere klubak «aurrera jarraitzea» eta «kanpoan daukagun jendea etxera ekartzea» dituzte helmuga bezala. Eta horretarako biharko jaialdia izango dute lehen geltokia.