Ruiz de Larrinaga eta Odriozola, garaile Asteasun

Mikel Iraola 2013ko abenduaren 6a

200 txirrindulari inguruk hartu du parte Asteasuko XVI. Ziklo Kros proban, eta giro aparta izan da zirkuitu osoan zehar.

Gaur goizean Asteasuko XVI. Ziklo Kros proba jokatu da, eta Olatz Odriozola eta Javier Ruiz de Larrinaga izan dira lasterketako irabazleak elite mailan.

Gizonezkoetan, erraz irabazi du arabarrak, 2.650 metroko zirkuituari zortzi itzuli eman ostean. Faboritoetako bik, Aitor Hernandezek eta Egoitz Murgoitiok, ezin izan dute egon azkenean, eta Ruiz de Larrinagak hasieratik azaldu du bere nagusitasuna. Jose Antonio Diez Arriola eta Asier Arregi izan dira Ametzagako txirrindulariarekin batera podiumean. Emakumezkoetan, berriz, Olatz Odriozola izan da garaile, eta segidan, Eider Merino eta Lierni Lekuona sailkatu dira.

23 urtez azpikoen mailan berriz, Alex Aranburu izan da azkarrena. Damian Garcia izan da bigarren, eta Ion Rivero hirugarren. Junior mailan, Patxi Aldanondok eskuratu du lehen postua, Ander Mntero eta Josu Albizuaren aurretik. Emakumezkoetan, berriz, Paula Lanz izan da parte hartu duen bakarra, eta beraz, saria eskuratu du. Kadeteetan, Jokin Alberdi izan da txapelduna, Julen Latorre izan da bigarren, eta Ibai Arcok osatu du podiuma.

Asteasuko Aitzondo Txirrindulari Elkarteak antolatzen du proba, eta giro ederra izan da Elizondo auzoan. 200 txirrindularik emandako ikuskizunaz gozatu dute bertaratutakoek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!