Toni Lodeiro: «Gutxiago kontsumitzea, aukera baino, limite etiko bat izan beharko litzateke»

Ataria 2013ko maiatzaren 9a

Toni Lodeiro, ‘Consumir menos, vivir mejor’ liburuaren egilea

Aiztondoko Denbora Bankuak antolatuta, kontsumoa murriztu eta hobetzeko ideia praktikoak emango ditu bihar Asteasuko zinema aretoan, 19:00etan; Toni Lodeirok (Coruña, 1978), utopikoa dirudien arren, argi du hobeto bizitzeko, gutxiago kontsumitzean dagoela irtenbidea. Gizartearen aurkako noranzkoan doan ideia bihurtu omen da, baina nahi izanez gero, posible dela dio.

Toni Lodeiro[/caption]

Zer egin behar du, bada, norbanako batek bere kontsumoa hobetzeko?

Tokian tokiko merkataritza sustatu eta gertuko produktuak kontsumitu behar dira. Hor bada datu oso interesgarri bat, non esaten den bertako dendetan gastatzen den euro bakoitzeko %80a eskualdean geratzen dela, eta aldiz, supermerkatu batean gastatzen dugun euro bakoitzeko, %80a kanpora doala. Gertuko merkataritzan kontsumitzeak bestelako onurak ere baditu: kalitate hobea, ontziak murriztea, kontsumitzailearengana iristeko bidean produktuak egiten dituen kilometro kopurua gutxitzea...

Eta kontsumoa murriztea lortzeko?

Nahitaezkoak ez diren beharrizanek geure bizitzak zein puntutaraino baldintzatzen dituen aztertu behar dira. Bigarren etxebizitza, auto edo luxuzko oporrez ari naiz. Askotan, ekonomikoki ito egiten gaituzte, eta ondorioz, nahi baino lan ordu gehiago egin, opor gutxiagoz gozatu, edo gure bizitzako beste hainbat proiekturi nahi bezain besteko denbora ezin eskaintzera behartuta gaude. Gutxiago kontsumituz gero, denbora gehiago dut niretzat garrantzitsuak diren gauzak egin ahal izateko, eta beraz, bizi kalitatea handitzen dut.

Adibiderik ba al duzu?

Bai, auto berri bat erosi beharrean, edo munduko beste puntara bidaiatu beharrean, ahal den neurrian beste urte pare batez auto horrekin jarraitzea, edo gertuagoko lekuak ezagutzean datza. Jendea ez da kontziente horrek aukerak kentzen dituela, esaterako, seme alabak zaintzeko, osasunagatik edo beste edozergatik urte sabatiko bat hartu, edo hilabete bateko oporrak izan beharrean, bi hilabetekoak hartzerako garaian.

Azken batean, aurreztea da kontua?

Bai eta ez. Batzuetan aurreztu beharrean diruaren beste banaketa bat egiten da. Hau da, supermerkatuko eskaintza bereziko produktuak erosi ordez, gertuko denda batean erosten badugu, normalena gehiago ordaintzea da, baina erositakoa kalitate handiagokoa eta osasuntsuagoa izango da. Azken finean, gure kontsumo gastuak, gure baloreekin bateratu behar ditugu.

Zer esan nahi duzu horrekin?

Gizartean baloreen inguruko inkestek diote jendeak gehien baloratzen dituenak familia eta osasuna direla. Aldiz kontsumo ohiturek aurkakoa diote. Aurretik aipatutako nahitaezkoak ez diren beharrizanek itotzen gaituztelako gertatzen da hori. Horregatik diot baloreen araberako kontsumoak nagusitu beharko lukeela.

Dena den, hori norbanako baten esku bakarrik ez dago, ezta?

Noski. Ez dago hori egitea errazten duen legedirik. Kontsumo eta lan ohitura askoren inguruko politikak aldatu beharko lirateke, norbanakoek aldaketa horiek gauzatu ahal izateko.

Utopikoa dirudi...

Ez. Gauza ez da inor hori egitera behartzea, baizik eta hori lortu nahi dugunok baliabide eta laguntzak izatea. Baina egitea posible da behintzat. Gauza da, asko ez direla hori egitera ausartzen gizarteak beste modu batetara jokatzen duelako. Badirudi, gure seme-alabekin denbora gehiago egon edo gehiago deskantsatu nahi izateagatik gutxiago kontsumitzen dugunak gizartearen aurkako noranzkoan goazela.

Kontrakulturala bihurtu da.

Eta zein motatako legeak beharko lirateke kontsumo mota honek kontrakultural izateari uzteko?

Konplexua eta maila askotarikoa da: lan banaketa egin, merkataritza lokala lagundu eta kanpoko kontsumoa zigortzen duten politikak eratu, birziklapena sustatu, hondakinak murriztu... Asko dira hartu beharreko erabakiak. Limiteak jartzearekin ere zerikusia du.

Zein motatako limiteak?

Hobeto bizitzeko gutxiago kontsumitzeak ez luke hautu pertsonala izan beharko, limite etiko bat baizik. Kontsumoa hain altua izateak naturan edo aberastasunen banaketan arazoak dakartza. Beraz, kontsumo arduratsuaz hitz egiten badugu, limite edo ahalegin bereziak egiteaz ere hitz egiten ari gara. Atez ateko hondakin bilketa sistemarena adibide ona da. Sistema honen aurka dauden pertsonentzako ahalegin handia suposatzen du, bai. Baina hondakinen kudeaketan eta naturan onura asko ditu. Beraz, gauza ez da aukerazkoa izatea, gizarte moduan, guztion onerako aurre egin beharreko ahalegina izatea baizik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!