Urte bat pasa da Asteasuko hainbat gazteren ametsetako bat errealitate bihurtu zenetik. 2012ko apirilaren 14 hartan ireki ziren lehen aldiz Matxintxulo Gaztetxearen ateak.
Herriko txokorik kuttunenetako bati egiten omen dio erreferentzia gaztetxearen izenak: beheko bailarako pabiloien inguruan dagoen iturriari. Urtebeteren, ondoren, iturriaz gain, gaztetxeak ere hartu du lekua beren toki gogokoenetakoen artean.
Herriko gazteak bildu, beren sormena landu, elkarren artean egon, eta ekimenak antolatzeko leku baten beharrean zeudela ikusita, udalari lokal bat uzteko eskaera egin zieten gazteek. Hainbat saiakeren ondoren, joan den urtean jaso zuten erantzuna. Udalak, Elizmendi auzoko Santa Krutz ermitaren ondoan dagoen lokal bat utzi zien, ordura bitarte, haur eskola izandakoa zena. Paretak pintatu, zertxobait txukundu, eta lanean jarri ziren.
Apirilaren 14an antolatu zuten inaugurazio ekitaldia. Mus txapelketa, triki-poteoa, afaria eta kontzertuak egin zituzten egun berezi hartarako, eta Gaztien Gooooooola pasotismoari! leloa ezarri zioten egunari. Lehen gola egun hartan sartu bazuten ere, segituan beren atean sartu zuten beste bat. «Ilusio handiz hasi ginen lanean. Utzikeriaren aurka borrokatuz. Baina beharbada gogo gehiegirekin hasi ginen, izan ere, segituan beherakadatxo bat izan genuen, eta iniziatiba faltarekin izan ginen», azaldu du Julen Sarasola, gaztetxeko kideak.
Harrera ona herrian
Egoera hartaz jabetu, eta berriz ere suspertu zirela dio Sarasolak. «Herriko eta bailarako elkarteak laguntza eske etorri ziren, eta bolondres moduan hasi ginen hauek behar zutenerako. Adibidez, Aiztondo klasikoan, bidegurutzeetan izan ginen». Beranduago, frontenis txapelketa antolatu zuten, festetan txosna jarri zuten, akelarrea egin zuten plazan, eta beste hainbat ekimen egin zituzten. EBIA kultur elkartearekin ere elkarlanean aritzen dira batak ala besteak behar duenean.
Ekimen horiekin, pixkanaka «herritarren konfiantza irabazten» joan direla dio Sarasolak. «Akelarrearekin ikusi zuten askok, intentzio onak genituela. Asko gustatu zen herrian».
Orain argi dute partida irabazteko hori dela jarraitu beharreko bidea: «Asteasuko gazteriaren jarrera ona dela erakutsi nahi dugu, ez garela utzikerian erori, eta herria aurrera atera nahi dugula, gu baikara etorkizuna. Eta hori demostratu nahi diogu herriari».
Gazte gehiago altxatu nahian
Herriari bakarrik ez, inguruko gazte gehiagorengana ere iritsi nahi dute. «Edonor animatzen dugu asanbladara etorri, ideiak bota eta gauzak egiten laguntzera», dio Sarasolak.
Gaur egun, 16 eta 25 urte bitarteko hogei bat lagun biltzen dira gaztetxean. «Astean zehar, batzuk kanpoan ikasten dutenez ia inor ez da ibiltzen, baina asteburuetan, herriko gazte gehienak bertan gaude». Asteburu honetan, seguraski, denak izango dira. Inork ez du hutsik egingo. Asko dute ospatzeko. Egun borobila antolatu dute, bertsolari, bazkari, trikitilari, kontzertu eta gutzi. Hori dena, gazteak mugiarazteko nahian lanean jarri zirela, urte bat bete dela ospatzeko.
Egitaraua
Gaztetxeko I. Urtemuga
14:30. Bertso bazkaria Unai Mendizabal eta Adur Gorostidi bertsolariekin Erretore etxean. Bazkarirako tiketak, salgai daude Patxine jatetxean 15 euroko salneurrian.
18:00. Erromeria herriko trikitilariekin Gaztetxean, eta ondoren, kalejira herriko tabernetan zehar.
Arratsalde osoan zehar. Aizkolariak, frontoian
23:00. Gorkore, Euskalyptus eta Ingo al deu? taldeen kontzertuak gaztetxean. Ondoren, musika goizaldera arte.