Inaxio Perurena harri jasotzaileak marka ahalegina egingo du datorren igandean, hilaren 10ean, Leitzako Amazabal pilotalekuan, 13:00etatik aurrera. 300 kiloko harria altxatzen saiatuko da, beste behin, leitzarra.
Oraingo honetan ere bost minutuko txanda izango du harri jasotzaileak harria bizkarrean berdintzeko. 300 kilokoarekin egiten duen hirugarren ahalegina izango da. Lehen saiakera Asteasun egin zuen Perurenak. Harria jaso ondoren, bizkarren berdintzen ari zela, atzera erori eta harria hautsi egin zitzaion. Bigarren saiakera, berriz, iragan azaroan egin zuen, Leitzan, bertan. Harriarekin bi ahalegin egin ondoren, amore eman beharra izan zuen. Urtarrilaren 20rako iragarri zuen hirugarren ahalegina egingo zuela, baina, azkenean proba bertan behera utzi zuen leitzarrak, gaixorik aurkitzen zelako.
Saiakera honetan harria bizkarrean berdinduz gero, Inaxio Perurena, Iñaki Perurena aitaren eta Mieltxo Saralegiren taldean sartuko litzateke, hau da, 300 kiloko harria jaso dutenen artean.