Euskarazko Tesien III. Koldo Mitxelena Sariak pasa den astean banatu ziren, Bilbon. Arantxa Otegi asteasuarrak eskuratu du Ikasketa Teknikoen alorreko saria. Honez gain, Osasun Zientziak alorreko saria Karlos Ibargurenentzat izan zen; Gizarte Zientziak eta Zientzia Juridikoak saria Iñaki Lazkanorentzat eta Larraitz Zubeldiak eskuratu zuen, Giza Zientziak alorrekoa.
Eskuinetik hasi eta hirugarrena da, Otegi asteasuarra[/caption]
2008an, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Euskaltzaindiak Euskarazko Tesien Koldo Mitxelena Saria sortu zuten, euskarazko ikerketa bultzatu eta sustatu asmoz. Sariak bi urtetik behin banatzen dira bost jakintza arlotan. Aurten, Zientzia Esperimentalak hutsik geratu da. Andres Urrutia euskaltzainburua eta Xabier Kintana idazkaria eta EHUko Iñaki Goirizelaia errektorea eta Xabier Etxaniz Euskara eta Eleaniztasuneko errektoreordea bertan izan ziren. Ekitaldi berean, Aiora Jakaren Itzulpenari buruzko gogoeta eta itzulpen-praktika Joseba Sarrionandiaren lanetan liburua aurkeztu zen.
Otegiren tesia
Arantxa Otegi asteasuarraren Hedapena informazioaren berreskurapenean: hitzen adiera desanbiguazioaren eta antzekotasun semantikoaren ekarpenak tesia izan da saritua. Tesiaren zuzendariak, Eneko Agirre eta Xabier Arregi izan dira. Eginiko lanak, informazioaren berreskurapena (IB) erabiltzaile baten informazio-beharra aseko duten dokumentuak bilatzean datza. Honela bada, IB sistemak erabiltzaileari dokumentu adierazgarriak, alegia, erabiltzaileak behar duen informazioa eduki dezaketen dokumentuak, topatzen lagunduko dio, betiere erabiltzaileak egindako kontsultan oinarrituz. IB sistema perfektu batek dokumentu adierazgarriak ez beste berreskuratu beharko lituzke, eta ez-adierazgarriak baztertu. Alabaina, sistema perfektuak ez dira existitzen. IB sistemek aurre egin behar dioten arazo nagusienetako bat kontsulta eta dokumentuen arteko parekatze-arazoa deiturikoa da. Tesi lan honetan hizkuntzaren prozesamenduaren bidez, parekatze-arazoa arintzerik ba ote den aztertu da.