Sona handiko aurkari baten bisita jaso zuten: Castro Urdiales kantabriarrarena. Osagai bikain hauekin ezin zuen ezerk huts egin eta Usabalera bilduriko zaletu kopurutsuak festa apartaz gozatu zuen larunbatean. Errematea ikastolakoen 8-3ko garaipena izan zen.
Partida oso zaila suertatu zen. Bisitariak 0-2 aurreratu ziren hasieran eta etxekoek ahalegin itzela burutu behar izan zuten partidari eutsi ez ezik, markagailuari itzulipurdia emateko. Lander Camio birritan eta Murgi izan ziren golegile. Asteasuarra tabernak babestutako zozketaren ostean, kantabriarrak jaun eta jabe izan genituen berriro minutu luzez. Eraso posizionaleko kokapenarekin min handia egiten zieten tolosarren defentsa zonalari eta asko sufritu behar izan zen abantailari eusteko.
12 minuturen faltan ordea partida erabat aldatuko zen. Telleriak laugarrena egin zuen zuhurtziaz eta segidan Castrotarrek atezain jokalaria kantxaratu zuten. Erabaki honek ordura arte ate bakarrean ziren gol aukerak bi ateetara zabaldu zituen eta argienak noski horitxoentzat ziren. Endika atezainak egin zuen bosgarrena, Otxoak seigarrena eta kantabriarren hirugarrenari, Zubillagak eta berriro Telleriak erantzun zieten behin betiko 8-3koa ipiniaz. Sei puntuko altxorra zakuan, mailari eusteko helburuarekin, gustura amaitu zuten.