Erosketa bonuen kanpaina jarriko dute martxan

Tolosaldeko Ataria

Anoetako Udalak abian jarriko du Herriko merkataritza, bertakoa bertatik erosketa-bonuen kanpaina

BoAnoetako Udalak tokiko merkataritza eta zerbitzu sektorea sustatzeko erosketa-bonuen kanpaina berria jarriko du martxan azaroaren 26an. Herriko merkataritza, bertakoa bertatik lelopean, ekimenaren helburua da herriko establezimenduetan erostera animatzea, tokiko ekonomiari bultzada ematea eta, aldi berean, familien gastuari laguntzea.

Kanpainaren bidez, udalak 500 erosketa-bonu jarriko ditu salgai. Bonu bakoitzak 40 euroko erosketa ahalmena izango du, baina erosleek 30 euroren truke eskuratu ahal izango dute. Bonuek 5 euroko zortzi txarteletan banatuko dira, eta guztira 5.000 euroko udal ekarpena egingo da ekimena finantzatzeko.

Pertsona bakoitzak gehienez bi bonu eskuratu ahal izango ditu. Salmenta Anoetako udaletxean egingo da, azaroaren 26tik abenduaren 18ra bitartean edo bonuak agortu arte. Goizeko ordutegia 09:00etatik 13:00etara izango da, eta arratsaldez ere erosi ahal izango dira azaroaren 26an, 27an eta 30ean, 17:00etatik 19:00etara. Beste pertsona baten izenean bonuak erosteko aukera ere izango da, dagokion NANa aurkeztuta.

Kanpainan parte hartzen duten merkataritza eta zerbitzu establezimenduetan erabili ahal izango dira bonuak abenduaren 1etik 31ra bitartean. Atxikitako saltokiek kanpainaren bereizgarria erakutsiko dute, herritarrek erraz identifikatu ahal izan ditzaten.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!