Anoetako eragile hezitzaileak saretzen hasi dira, aisialdi hezitzailea ardatz duen proiektuaren barruan. Haurrekin lanean dabiltzan herriko hamar eragile elkartu dira, umeentzat ingurune seguruagoak, hezigarriagoak, inklusiboagoak eta parte hartzaileagoak sustatzeko bideari ekiteko.
Aisialdiak haurren komunitatean duen garrantziaz jabetuta daude eragileok, eta esparru hori indartzeko apustua egin dute. Dagoeneko, elkar ezagutzeko eta sareari forma emateko topaketak egin dituzte. Lehenengo bi topaketetan, saretzeko beharraz aritu ziren, eta eragile bakoitzak sareari esleitzen zizkion funtzioak zehaztu zituzten. Besteak beste, herritarrentzat jarduerak modu bateratuan antolatzeko koordinazio oinarriak adostu zituzten, eta elkarrekin formazio saioak egiteko konpromisoa hartu zuten.
Prestakuntzari ekiteko, oinarrizko ikuspegi hezitzaileak eta esku-hartzeak landu dituzte. Anoetako Herri Ikastolako Bizikidetza taldeko kideak izan dituzte saioetan, beren eredua aurkezten eta oinarri hezitzaileen lanketa bideratzen. Saioetako batean, bizikidetza taldekoen irizpideak jaso zituzten; bestean, berriz, Anoetako hezkuntza ez-formala osatzen duten eragileen artean oinarrizko marko bat adosten hasi ziren.
Markoan, haurrei eskaintzen zaizkien saioen egituraketa, espazioak arautzeko gakoak, hainbat gatazkaren interpretazioa eta gatazka horiei aurre egiteko moduak eztabaidatu dituzte. Sarearen helburuetako bat da entrenatzaile, begirale, irakasle eta hezitzaile guztiek, bakoitzak bere tokitik, ikuspegi partekatua izatea.