Elkartasun Maleta, Anoeta eta Echraifiaren arteko senidetzea sendotzeko

2024an Anoetako alkateak, Ikaztegieta eta Belauntzakoarekin batera errefuxiatu kanpalekuetara egindako bidaia.

Anoetako herritarren marrazkiak, argazkiak, gutunak eta elkartasun mezuak eramango ditu maletak Echraifiara. Azaroa erdialdera maletara eramateko bidaiatuko du alkateak errefuxiatu kanpamenduetara, Lizartzako alkatearekin batera.

2025eko maiatzean senidetu ziren Anoeta eta Saharako errefuxiatuen kanpalekuetako Echraifia herria. Orain, bi herrien arteko harremanak sendotzeko asmoz, Elkartasun Maleta proiektua jarri dute martxan. Ekimenaren helburua da senidetzea sustatzea, elkarren errealitateak ezagutzea eta saharar herriarekiko elkartasuna lantzea.

Elkartasun Maletaren bidez, anoetarrek maitasuna, elkartasuna eta gertutasuna adierazi nahi dizkiote saharar herriari. Maleta ez da objektu hutsa izango: herritarren ahotsak, bizipenak, sentimenduak eta desioak eramango ditu. «Herri batetik bestera doan zubi txiki bat izango da, elkar ezagutzeko, elkarri entzuteko eta elkartasun harremanak sendotzeko», azaldu dute udal arduradunek.

Alde batetik, Anoetako eguneroko bizitza erakutsiko diete sahararrei. Horretarako, herriko txoko, kale eta plazen marrazkiak eta argazkiak sartuko dituzte maletan. Bestetik, elkar ezagutzeko bidean sakontzeko, sahararrei zuzendutako galderak, hausnarketak, esaldiak eta gutunak bilduko dituzte. Azkenik, animo eta gertutasun mezuak ere bidaliko dizkiete. Horretarako, ekimenaren sustatzaileek herritarrak animatu dituzte elkartasuna, itxaropena, adiskidetasuna eta bakea adierazten dituzten mezuak idaztera.

Anoetako Udalak, Anoetako Herri Ikastolak eta Tolosaldea Sahararekin elkarteak sustatu dute Elkartasun Maleta. Joan den asteartean, proiektuaren berri eman zieten ikastolako maila guztietako ikasleei. Prestatutako maleta Egoitz Luisa alkateak eramango du errefuxiatuen kanpalekuetara, azaroaren erdialdean. Alkateak bigarren bidaia izango du hara; izan ere, lehenengoan gauzatu zuten Anoetako Udalaren eta Echraifia herriaren arteko senidetzea.

Oraingo honetan, Lizartzako alkate Iñaki Azpiroz ere joango da bidaian. Lizartzako herria Saharako Mahbes dairarekin senidetuko da.

Bidaia iritsi bitartean, Mendebaldeko Sahara, lurralde okupatuak izeneko erakusketa ikusgai egongo da azaroaren 13ra arte, Anoetako Liburutegian. Horrez gain, solasaldia egingo dute azaroaren 6an, ostiralean, Zimiterioan. Garazi Hach Embarek izango da hizlaria, eta senidetzearen sendotzeaz eta Mendebaldeko Sahararen egungo egoeraz hitz egingo du, 50 urteko okupazioaren testuinguruan. Ondoren, Elkartasun Maleta proiektua aurkeztuko dute, eta elkartasun-argazki herritarra aterako dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!