Anoetako Udalak obra-lizentzia eman dio Construcciones Arridon SL enpresari, A-5 Zelaieta eremuan 16 etxebizitza eta 16 garaje-plaza eraikitzeko. Lizentzia alkatearen dekretu bidez eman dute. Obrak hasteko sei hilabeteko epea izango du enpresak, eta lanak amaitzeko, berriz, 24 hilabetekoa.
Eraikin berriak 16 etxebizitza izango ditu: lau beheko solairuan eta gainerako hamabiak goiko hiru solairuetan banatuta, launa solairu bakoitzean. Guztira, hiru logelako zortzi etxebizitza, bi logelako zazpi eta logela bakarreko bat egingo dituzte. Logela bakarreko etxebizitzak bainugela bat izango du; gainerakoek, berriz, bainugela bat eta komun bat.
Sotoan edo erdisotoan 16 garaje-plaza egongo dira. Horrez gain, bizikletak, haur-aulkiak eta mugikortasun urriko pertsonentzako laguntza-produktuak gordetzeko gune bat eta eraikinaren zerbitzuetarako gelak aurreikusi dituzte.
Oinezkoentzako sarbide nagusia San Juan kaletik egingo dute. Espaloiaren eta atariaren arteko kota-aldea gainditzeko, arrapala eta eskailera jarriko dituzte. Ibilgailuek, berriz, San Juan kaletik Idiakaitz aldera doan kaletik izango dute sarbidea.
Lizentzian jasotakoaren arabera, obrak egitean neurriak hartu beharko dituzte langileen, oinezkoen eta inguruko ondasunen segurtasuna bermatzeko. Halaber, bide publikoan jartzen dituzten seinaleak euskaraz egongo dira.