Anoetako XIX. Euskal Jaia ari dira ospatzen egunotan, elikadura burujabetza eta euskal naziotasuna uztartzen dituen jaia. Aurten, euskal oiloa eta arrautza izan dira festarako aukeratutako gaiak, eta, horien bueltan, askotariko ekitaldiak izan dituzte asteburuan. Horietako ekimen nagusietako bat izan da goizean egin duten azoka.
Guztira, kalitate handiko 35 postu izan dira: gehienak elikadurarekin lotutakoak –ogia, gazta, gozogintza, haragia, edaria…–, baina artisauek –zeramika, bitxigintza, oinetakoak…– ere izan dute horretarako lekua, eta sendabelarrak eta kosmetika postuak ere izan dira. Horrez gainera, beste hainbat ekimen ere izan dituzte, esaterako, Arrautza kabira jolasa, Mendiko upategiko ardoekin ardo dastaketa eta bazkaria.
Eguna beste hainbat ekitaldirekin osatuko dute: arratsaldean, herri-kirol desafioa izango da alde batetik, 18:30etan, eta bertan Jokin Urretabizkaia eta Irati Astondoa, Julen Kañamares eta Uxue Ansorregiren aurka ariko dira aurrez aurre. Eguna amaitzeko, Ostolaza eta Larrañagarekin erromeria eta Anoetako talogileen eskutik taloak dastatzeko aukera izango da.