Euskal oiloa eta arrautza protagonista Euskal Jaian

Tolosaldeko Ataria

Anoetan bihar hasiko dute egitaraua. Elikadura burujabetza eta tokiko eta garaiko ekoizpen ekologikoa ardatz dituen azoka egingo dute igandean.

Prest da Anoetako XIX. Euskal Jaia, elikadura burujabetza eta euskal naziotasuna uztartzen dituen jaia. Aurten, euskal oiloa eta arrautza izango dira festarako aukeratutako gaiak, eta, horien bueltan, askotariko ekitaldiak izango dituzte asteburuan. Ostegunean hasiko da jaia Irakin lantegiko kideek eskainitako tailerrarekin, eta larunbatean Gaztelekuko gazteekin egindako jolasak egingo dituzte. Egun horretan bertan, arrautzadun postre lehiaketak eta Kumbialari taldearen kontzertuak emango diete segida egitarauari, eta igandea, urriaren 11, izango da jai egun nagusia.

Aurten Euskal Jai batzordekoek euskal oiloa hartu dute ardatz aurtengo festa antolatzeko. «Euskal Herrian existitzen zen bertako oiloa, euskal oiloa. Europako oilo arraza atlantiarraren familia berekoa da, pisu ertaina du, eta belarri txiki gorriak eta azal horia du. Lumajearen arabera, bost barietate daude: gorria, marraduna, lepasoila, zilarra eta beltza», azaldu dute batzordeko kideek

Duela urte batzuk arte, ohikoa zen euskal oiloa Euskal Herriko etxeetako sukaldeetan eta larreetan hazten ikustea. «Beste arraza batzuk iritsi zirenean eta nekazaritza industriala eta eredu intentsiboa zabaldu zenean, ordea, oiloaren kontsumoa ugaritu egin zen, baina bertako arraza ia desagertu egin zen». Hain zuzen, euskal oiloaren arraza behin betiko desagertu ez dadin, Euskal Herrian lanean ari diren pertsonen ahalegina eskertuko du asteburu honetako Euskal Jaiak.

Garaikoa eta bertakoa 

Urtero Anoetan egiten duten jaiaren helburuetako bat elikadura burujabetza bultzatzea da, eta jaia baliatzen dute tokiko eta garaiko ekoizpen ekologikoa balioesteko. Garrantzitsua iruditzen zaie ekoizpen ekologikoak ingurumenean, biodibertsitatearen kontserbazioan, herritarren osasunean, komunitatearen zaintzan, eta saretzean egiten duen ekarpena.

Hori horrela, Euskal Jai eguneko ekimen nagusia goizeko azoka izango da aurtengoan ere. Guztira kalitate handiko 35 postu izango dira: gehienak elikadurarekin lotutakoak (ogia, gazta, gozogintza, haragia, edaria…), baina plazan izango dira artisauak (zeramika, bitxigintza, oinetakoak…), sendabelarrak eta kosmetika postuak. Horietako batzuk urte asko daramatzate azokan parte hartzen, baina izango dira berritasunak ere. 

«Ekoizle eta artisauak ezagutu eta bertako elikadura osasuntsuaz eta kalitatezko produktuez gozatzeko deia egin nahi diegu herritarrei», esan dute Euskal Jai batzordean biltzen diren herritarrek. Horretarako, erosketak egiteko poltsa etxetik eramateko deia egin dute.

Iganderako antolatu duten egitaraua osatzeko beste hainbat ekimen antolatu dituzte herritar guztiei zuzenduta. Arrautza kabira jolasa, Mendiko upategiko ardoekin ardo dastaketa eta bazkaria izango dira. Otordurako menua ere, euskal oilo eta arrautzaren bueltan prestatu dute: onddo nahaskia, oiloa saltsan eta euskal pastela. Aukeran izango da baita menu begetarianoa ere. Antolatzaileek esan dutenez, dagoeneko 225 pertsonek  eman dute izena bazkarirako, baina oraindik erosi daitezke honako telefono zenbakira deituta: 615 79 44 03.

Eguna beste hainbat ekitaldirekin osatuko dute: herri-kirol desafioa izango da alde batetik, eta Jokin Urretabizkaia eta Irati Astondoa, Julen Kañamares eta Uxue Ansorregiren aurka ariko dira aurrez aurre. Eguna amaitzeko, Ostolaza eta Larrañagarekin erromeria eta Anoetako talogileen eskutik taloak dastatzeko aukera izango da.

Euskal Jai batzordekoek esan dute ez dela kasualitatea Euskal Jaia ospatzeko data, urriaren 12a jai egun espainiarraren inguruan antolatzea. Euskal naziotasuna aldarrikatzeko ere antolatu nahi dute festa: «Gure naziotasuna aldarrikatzeko balkoietan ikurrinak jartzeko deia egiten diegu herritarrei».

XIX. Euskal Jaia

  • URRIAK 8, OSTEGUNA
    • 17:15. Arrautza irakinak tailerra Irakin aurrean.
  • URRIAK 10, LARUNBATA
    • 16:30. Nork lortuko du arrautza ez puskatzea? jolasa Gaztelekuan.
    • 18:30. Arrautzadun postre lehiaketa. Aurkeztutako postre guztien artean sariak banatuko dituzte.
    • 19:30. Kumbialari taldearen kontzertua.
  • URRIAK 11, IGANDEA
    • 10:00. Baserritarren eta artisauen azoka dultzaineroek eta Loatzoko trikitilariek alaituta.
    • 11:30. Arrautza kabira jolasa haurrentzat eta helduentzat, beheko plazan.
    • 12:00. Ardo dastaketa, Mendiko upategiko ardoekin.
    • 14:30. Bazkaria. Platera eta kubiertoak etxetik eraman behar dira.
    • 18:30. Herri-kirol desafioa hainbat ofiziotan. Jokin Urretabizkaia Basozabal eta Irati Astondoa vs Julen Kañamares eta Uxue Ansorregi.
    • Ondoren. Erromeria Ostolaza eta Larrañagarekin eta taloak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!