Haurrekin aritzen diren eragileen arteko topaketa egingo dute

Tolosaldeko Ataria

Asteartean, urriaren 6an, Anoetako eragile hezitzaileak gonbidatu dituzte lehenengo bilerara. 15:30ean izango da Lasarbe aretoan.

Anoetako Udalak haurrei zuzendutako herriko eragileak indartzeko eta haien arteko elkarlana sustatu nahi du, eta horretarako, bilera deitu du urriaren 6an, Lasarbe aretoan, 15:30etik 16:30era.

Udalaren arabera, haurrekin egunero lan egiten dutenek –entrenatzaileak, begiraleak, irakasleak, hezitzaileak, koordinatzaileak, zuzendariak– funtsezko zeregina dute haurren egunerokoan eta heziketan. Horregatik, haien bidelagun izan nahi du udalak, eragile horien esperientzia, beharrak eta proposamenak abiapuntu hartuta. «Elkarren arteko koordinazioa erraztu, garatu daitekeen horretan baliabideak jarri eta herri mailan partekatutako erronkei erantzuteko aukerak sortu nahi ditugu».

Modu horretara, ordutegiak hobeto koordinatu, beste eragileen ezohiko jardueren berri izan, haur eta familiei informazio koherenteagoa eman, eta haurrei zuzendutako jardueretan alderdi hezigarria indartu nahi dute. «Haurren eta familien errealitatea aldatzen ari da, eta horrek gure jarduteko modua ere egokitzera behartzen gaitu. Araudi eta lege berriak, haurren eskubideekin lotutako betebeharrak, belaunaldi berrien testuingurua, familien beharrak, harremanak, ongizatea, heziketa... ez da eragile bakoitzaren ardura soilik. Herri bezala elkarrekin lantzeko aukerak ere badira».

Asteartean egingo duten bilera honetan eragileen behar eta erronkak aztertuko dira, erabilgarri dauden baliabideak zerrendatu, koordinazio maila eta antolaketa errealistak proposatu, eta, batez ere, Anoetan haurrei eskaintzen zaiena indartzeko elkarrekin egin daitekeena pentsatuko dute.

Bilera lehenengo abiapuntua izango da. Horretarako, Gaztelekuko, Irakineko Kuku pilota elkarteko, Loatzo musika eskolako, Anitz dantza taldeko, Udaleku irekietako, Eskola Kiroleko eta Kalexkako arduradunak gonbidatu dituzte.

 

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!