1994. urtetik ari dira Basagaingo herrixkan indusketa arkeologikoak egiten, eta hasieratik dabil lanak zuzentzen Aranzadi zientzia elkarteko Xabier Peñalver (Donostia, 1952). Aurtengo irailean egin dituzten aurrerapenen berri eman du.
Nola joan da aurtengo indusketa-kanpaina Basagainen eta zein eremutan aritu zarete lanean?
Ondo joan da, azken urteetako ildotik. Herrixkako ekialdeko terrazan aritu gara lanean, hau da, etxebizitzen gunean. Aurreko bi urteetan ere eremu berean ibili ginen, baina Karlistaldiko lubakia Burdin Aroko herrixkan sartzen zen zatian. Bertan parapeto bat egin zuten, eta jatorrizko lurra eraldatu zuten. Bi urte horietan karlisten eraginpeko eremu hori kentzen aritu ginen —dena den, material garrantzitsuak ere agertu ziren, hala nola Burdin Aroko biltegiratzeko ontzi handi bat—, eta aurten Karlistaldiko okupazioaren eraginik gabeko mailetan jarraitu dugu, Bigarren Burdin Aroko geruzak azaleratuz.
Zer aurkikuntza azpimarragarri eskaini ditu azken kanpaina honek?
Material garrantzitsuak atera dira. Berriro ere biltegiratzeko ontzi handiak aurkitu ditugu, eta horrek berresten digu etxebizitzaren gune horretan zerealak eta likidoak gordetzen zituztela. Horrez gain, ekialdeko terraza horren beste puntu batzuetan lopoko beira-aleak, metalezko aplikeak, burdin zepak eta aztarnategi honetan ohikoa den zeramika agertu dira.
Aztarnategiaren ibilbide osoari begiratuta, zeintzuk dira Basagainen berreskuratutako material eta aztarna adierazgarrienak?
Kontuan izan behar da nekazaritza eta abeltzaintzatik bizi zen gizarte bat zela. Hala ere, Basagain mendian kokatu izana bertan dagoen burdin kopuru handiari zor zaio seguruenik; izan ere, metala lantzen zutela erakusten duten piezak eta burdin zepa ugari agertu dira. Nekazariak eta abeltzainak zirenez, jaten zituzten animalien hezurrak agertzea litzateke ohikoena, baina eremu honetako lurraren azidotasun handiak hezur gehienak suntsitzen ditu. Ordea, erretako zerealak kontserbatu dira: garia, garagarra, oloa eta, batez ere, artatxikia. Materialen artean, eskuz egindako zeramika da nagusi, eta neurri txikiagoan agertzen da tornuz egindakoa.
Aurkikuntza azpimarragarrienen artean, aurreko urteetan lerrokatuta agertutako sei estela dekoratuak daude; inguru hauetan oso bakana eta ezohikoa den zerbait. Eta, horiez gain, lepoko beira-aleak eta bestelako tresnak ere aipatu daitezke.
Zein kronologia du herrixkak? Izan zituzten harremanik erromatarren munduarekin?
Gure aroaren aurreko azken mendeetan kokatzen gara, K.a. 300 edo 250. urtetik aurrera, eta herrixkak gure aroko mende bat edo gehiago ere irauten du. Bertako komunitatea zen, erromanizatu gabea; ez da agertzen sigillata zeramikarik ezta material inportatu askorik ere. Dena den, erromatar tipologiako pieza gutxi batzuk agertu dira, esaterako Iturissa itxurako iruditxo bat. Kontuan izan behar da garai hartan Irunen Oiassoko portua eta Oiartzunen Arditurriko meatzeak jada martxan zeudela, eta balitekeela kulturalki erromanizatuta zeuden populazioekin noizbehinkako harremanak izatea.
Beraz, ez zen mendian bakartuta bizi zen talde bat, bazituzten komertzio-harremanak ingurukoekin.
Inola ere ez ziren bakartuta bizi. Gaur egun Burdin Aroko 11 herrixka ezagutzen ditugu Euskal Herrian. Horietatik lau Oria ibarrean zehar lerrokatuta daude: Andoaingo Buruntza (itsasotik gertuen dagoena), Anoetako Basagain, Albiztur eta Tolosa arteko Intxur eta Beasaingo Murumendi. Toki garaietan daude, harresituta, ingurunea zainduz eta komunikabide nagusiak kontrolatuz.
Distantzia laburrera merkataritza-harremanak zituzten inguruko herrixkekin; distantzia ertainera, material zehatzak lortzeko, beste herrixka batzuekin; eta distantzia luzeko harremanen datuak ere baditugu. Esaterako, beirazko besoko-zati bat agertu da Basagainen, Pirinioez bestaldeko jatorria duena, Akitaniakoa edo Erdialdeko Europakoa izan daitekeena.
Harresia aipatu duzu. Babes-funtzio hutsagatik eraiki zuten ala bestelako esanahirik bazuen?
Babes-egiturak dira, eta armak ere agertu dira esparru barruan. Hala ere, Sertorioren gatazken moduko gertaera jakinetatik kanpo, ez dago gatazka bortitz jarraituen froga handirik. Gure ustez, une kritikoetan babesleku izateaz gain, harresiak disuasio-funtzio prebentiboa ere bazuen: indarra erakusteko modu bat zen, balizko erasotzaileei edo lapurrei atzera eragiteko.
Zein hedadura du Basagaingo esparruak?
Herrixka txikia da, bi hektarea pasatxokoa, perimetro osoa harresiak inguratuta dauka, baina alde guztietatik sarbide erraza du. Konparazio batera, Intxurreko herrixkak 17 hektarea ditu eta Euskal Herriko handienetako bat da. Nik bederatzi urtez induskatu nuen aztarnategi hura.
Nola antolatzen dituzue irailean egiten dituzuen indusketa-kanpaina hauek?
Salbuespenak salbuespen, iraileko hiru astetan egiten dugu lana. Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntza dugu eta Anoetako Udalaren babesa; azken honek auditorioa uzten digu lo egiteko eta kiroldegiko dutxak erabiltzeko aukera ematen digu. 15 eta 17 pertsona arteko taldea osatzen dugu —Arkeologiako edo Zaharberritzeko ikasle eta graduatuak— eta herrian elkarrekin bizi gara hiru astez.
Lan zientifikoaz gain, herrian zabaltze-lan handia egiten duzue, ezta?
Bai. Urtero bisita gidatua egiten dugu herritarrekin, eta irailean zehar ikastolako talde ugari hartzen ditugu. Hainbat adinetako 30 eta 70 ikasle arteko taldeak igotzen dira, eta euskaraz azaltzen diegu, herrixkaren historia eta egiten dugun arkeologia-lana, haien adinera egokituta.
Amaitzeko, indusketa-eremua bisitatu daiteke gaur egun ala babestuta geratzen da indusketa-kanpaina amaitzean?
Indusketa duela egun gutxi amaitu genuen eta eremua berehala estaltzen dugu. Plastiko beltzarekin eta lur-poltsa ugarirekin estaltzen dugu dena, neguan landaredia haztea eragozteko, ez baitugu intsektizidarik erabili nahi. Urtero estaltzea eta berriro agerian uztea lan handia da guretzat, baina ezinbestekoa da. Dena den, mendia oso ondo seinalizatuta dago. Informazio-panelak jarrita daude ibilbidea eta aztarnategiaren ezaugarriak azaltzeko, eta Anoetako Udalak hondatuta zeuden panel batzuk berrituko ditu orain.